Asteazkenean, ostegunean eta ostiralean ikuskizuna eskaintzeko asmoa zuen Parisko zirkoak Tolosan. Animaliak ikuskizunean erabiltzeko asmoz ekarri dituela ikusita, baimena kendu dio Tolosako Udalak.
Udalak prentsa ohar bidez azaldu duenez, baimena eskatzera etorri zen zirkoko arduradunari “behin eta berriz galdetu zitzaion ea animaliarik ba al zekarren eta ezezkoa erantzun zuen”, Tolosaldeko Atariak jaso duenez. Horrenbestez udalak baimena eman zion Zirkoari Tolosan ikuskizunak egiteko. Hori horrela ez dela ikusita, baimena kendu diete eta ondorengoa argudiatu dute: “Udalak argi du animalien aurkako jarrerak dituzten ikuskizunak ez dituela baimenduko, are gutxiago tratu txarrak ematen zaizkienetan”.
Libera! animalien aldeko elkartearen ustez, zirkuko bizimoduak “beraien jarrera naturalak garatzea eragozten die animaliei, sufrimendu fisikoa eta psikikoa eraginez”. Kanadan, Suedian, Danimarkan, Bolivian, Austrian, Perun eta Grezian, besteak beste, animaliak parte hartzen duten zirkuko espektakuluak galarazita daude. Buenos Aires eta Sao Paolo hiriek ere udal ordenantzetan jasota dute debeku hori.
Animaliarik erabiltzen ez duten zirko asko daude gaur egun. Munduko zirko prestigiodunetakoa den Cirque du Soleil zirko kanadarrak, esaterako, ez ditu animaliak erabiltzen bere ikuskizunetan.