argia.eus
INPRIMATU
Ez, CiU eta ERC dira arazo Podemosentzat
  • Podemos Kataluniako plebiszitu hauteskundeetara aurkez daitekeela iradoki berri du La Vanguardiako Enric Julianak. Berak ezagutzen dituen bi inkestek 12 eserleku ematen dizkiotela eta horrek eragotzi dezakeela ERC eta CiUren artean gehiengo osoa lortzea.

ARGIA @argia 2014ko urriaren 24a

Francesc Puigpelat kazetari eta idazle katalanak Julianaren oso bestelako ikuspegia eskaintzen du Nació Digitalen Podemosen balizko partehartzeari buruz.

Puigpelaten ustez, A9a arrakasta handiko eguna izango da eta honek motibazio handia ekarriko du sektore soberanistara.

Horrez gain, CiUk eta ERCk zerrenda bateratua aurkeztuko balute, haien programa batez ere independentziaren gainean ardaztuko litzateke eta Podemosek berak ere argi esan beharko luke zer uste duen independentziari buruz.

“Orain arte estatuko Podemos independentziaren aurka agertu da, baina erabaki eskubidearen alde, Ezker Batua edo, Katalunian, ICVren antzera. Hau da, bustitzea saihestuz”.

Eta idazlearen ustez, benetako unea iristerakoan, Kataluniako Podemosek erantzun egin beharko du eta orain arte PSC-PSOEk izan duen arazo berarekin egingo du topo.

Podemosek independentziaren alde egiten badu, Madrilen txikitu egingo dute eta datorren urteko hauteskunde espainiarrak galduko ditu.

Ez, Podemos ez da arazoa ERC eta CiUrentzat, dio kazetariak, ERC eta CiU dira arazoa Podemosentzat eta, horrexegatik, diru, denbora eta logistika gaiak aipatuz ez litzateke harritzekoa Podemos Kataluniako hauteskundeetara ez aurkeztea.