argia.eus
INPRIMATU
Ez baimendu despidoak
  • Euskal Herrian zehar langileen eta herritarren manifestazio eta mobilizazio ugari izaten ari da, enpresa pribatuetako enpleguari eusteko. Sektore publikoan ere, osasunean eta hezkuntzan bereziki, enplegu prekarioa duintzeko mobilizatzen jarraitzen dute, 40.000 pertsona baino gehiagori eragiten baitie egoera horrek.

Juan Mari Arregi 2021eko otsailaren 11
Tubacexeko langileak protestan (arg.: @jotabe1963)

Sektore pribatuan, kaltetuen kopuruagatik nabarmendu ditzakegu Tubacex, Aernova, M. Torres, ITP-Aero Castings eta beste batzuk. Sektore aeronautikoak ere eragin handia du Ipar Euskal Herrian, 4.000 pertsonak egiten baitute lan alor horretan. Ezin dugu ahaztu enpresa horien inguruan enpresa txiki gehiago ari direla azpikontrataturik hornitzaile lanetan. Ehunka langile kaleratu nahi dituzte, eta kontratua desegiteko espedienteak ezarri nahi dizkiete. Gainera, xantaia eginez, soldatak eta osagarriak murrizten saiatzen ari dira. Koadroa osatzeko: gogoratu enpresa horietako askok hainbat unetan jaso dutela diru publikoa.

Gauzak horrela, EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko administrazioek ezin dute beste inora begiratu. Beren esku dago espediente horiek baztertzea. Pandemiak areagotutako krisia, sektore eta enpresa guztiei eragiten ari dena, ez da egiturazkoa. Egoera koiunturalak dira, eta ekoizpen-sistema berregokitzea eskatzen dute. Krisi koiuntural honek irauten duen bitartean, enpresek badituzte beste mekanismo batzuk kontratuak deuseztatzea eta soldatak murriztea eskatzen ez dutenak. Eta badakite, administrazio publikoek ere badakitenez.

Are gehiago, diru publikoa jaso duten enpresak gertutik kontrolatu beharko lirateke, xantaiak, itxierak eta deslokalizazioak saihesteko. Kapitalak dena du jokoan. Orain pandemia da aitzakia eta bihar beste aitzakia batzuk izango dira.