argia.eus
INPRIMATU
(Ez) amatasunei buruzko jardunaldi feministak egingo ditu azaroan Emaginek
  • “Amatasuna –izan aukera, esperientzia, erabakia edota uko egiten diogun zerbait– emakume ugari zeharkatzen gaituen gaia da. Horregatik esaten dugu (ez) amatasunarena esperientzia kolektiboa dela. Are, izaera guztiz politikoa duen esperientzia kolektiboa da eta horregatik da feminismotik landu beharrekoa”. Premisa horretatik abiatuta antolatu ditu Emaginek (Ez) amatasunak ikuspegi feministatik jardunaldiak. Azaroaren 11n eta 12an egingo dira, Donostiako Tabakaleran.

Amaia Lekunberri Ansola 2022ko ekainaren 10a

Euskal feminismoetatik amatasunari behar besteko arreta eskaini ez zaiola iritzirik, aurrea hartu eta gaiari heltzea erabaki du Emagin elkarteak. Azaroaren 11 eta 12rako (Ez) amatasunak ikuspegi feministatik jardunaldiak antolatu ditu Donostiako Tabakaleran, amatasuna behaketapean jarri eta gizarte erakunde gisa aztertzeko. Data gerturatu ahala emango dute jardunaldien inguruko informazio gehiago, preseski jardunaldiei begira sortutako web-orrian, edota Instagram eta Twitter kontuetan.

Jardunaldien helburu orokorra amatasunen gaineko hausnarketa sustatu eta eztabaida feministarako gunea sortzea da, ulerturik “amatasunak, ez amatasunak eta beste amatasunak” osatzen dituztela amatasunak. Harago joanez, helburu zehatzagoak ere xedatu dituzte: amatasun askotariko ereduak ikusarazi eta esperientziak ezagutzea; arte alor bakoitzean bultzatu diren amatasunen iruditeriak aztertu eta alternatiboak ezagutaraztea; amatasunen gaineko indarkeriak identifikatzea eta horiei aurre egiteko estrategiak adostea; eta askotariko diskurtso feministak eta estrategiak ezagutzea, eredu heteropatriarkaletik gurasotasun komunitariora salto egiteko praktikak saretzean jarririk begirada.

Ekimena abiatzearen arrazoiez eta beharrez mintzatu dira antolatzaileak. 70eko hamarkadan amatasunaren gaia lantzen hastean mugimendu feministak abiatutako bidearen haritik tira egiteko premia azpimarratu dute, epe-tarte honetan gaiaren bueltako hausnarketari dagokionez hutsunea antzeman ondotik. “Horren adibide da, Durangon egin ziren Salda Badago jardunaldietan amatasunaren afera landu ez izanaren ondorioz Euskal Herriko Mugimendu Feminista interpelatzea”, ondorioztatu dute. Hala bada, eta azken urteetan mugimendu feministak egindako aldarrikapenekin koherentzian –bizitzak erdigunean jarriko dituen jendarte eredua eta zaintza sistema publikoa–, gaia mahai gaineratzeko erabakimena izan dute.

“Bizitzaz eta zaintzaz ari garen honetan, ezinbestekoa da amatasunak gizarte erakunde gisa duen papera aztertzea. Izan ere, lan erreproduktiboen zati handi bat horri loturikoa da. Halaber, XXI. mendeak bere dituen ezaugarriekin batera aztertu behar da (ez)amatasunen afera. Aldatu egin baita emakumeok lan merkatuan dugun presentzia, arlo produktibo-publikoak gure bizitzetan duen lehentasuna, harremanak eraikitzeko erak, sare sozialak… Horrek guztiak begirada eguneratzea eskatzen du. Ama izateak instituzio patriarkal gisa gaur egun duen funtzioa ikuspegi feministatik aztertzea dagokigu eta horri espazio bat ematera datoz jardunaldiak”, azaldu dute.