argia.eus
INPRIMATU
(Ez) amatasunei buruzko jardunaldi feministak aurkeztu ditu Emaginek
  • Azaroaren 11 eta 12rako (Ez) amatasunak ikuspegi feministatik: egin, desegin, berregin jardunaldiak antolatu ditu Emagin Elkarteak. Amatasunarena esperientzia kolektiboa dela eta eztabaida politikoa eskatzen duela iritzirik, gaiaren bueltako hausnarketa bultzatu nahi du elkarteak.

Amaia Lekunberri Ansola 2022ko irailaren 28a

Ekainean eman zuen jakitera Emagin Elkarteak (Ez) amatasunak ikuspegi feministatik: egin, desegin, berregin jardunaldiak antolatu zituela azaroaren 11 eta 12rako. Jardunaldien data gertu den honetan, aurkezpen ofiziala egin eta landutako egitaraua ezagutzera eman zuten asteartean elkarteko kide Miren Aranguren eta Ainara Lasak, Donostiako Tabakaleran. Programa oparoa osatu dute, anitza den eskaintzarekin: mahai-inguruak, zine-foruma, performancea, bizipenak partekatzeko espazioak, bertsolariak, eztabaidak... formatu ezberdinez baliatuko dira amatasunaz hausnartzeko. Espazio formalak espazio informalagoekin tartekatzeko hautua ere egin dute, "konfiantza eraikitzeko, elkar ezagutzeko eta saretzeko" baliagarri direla iritzirik. Hala bada, garrantzia eman diete kontzertu, antzerki, bazkari zein meriendei ere. Arratsaldeetan ikuskizun artistiko bana egongo da, bakoitza 7 euroko sarreraren truke.

Donostiako Tabakaleran egingo dira jardunaldiak: ostiral goizerako antolatutakoak zinema aretoan gauzatuko dira, eta gainerako jarduerak 5. solairuko Prisma izeneko areto zabalean. Parte hartzeko egon daitezkeen oztopoetan erreparatuz, hainbat neurri hartu dituzte parte-hartzea erraztu asmoz: batetik, haurren zaintzarako zerbitzua antolatu dute, nahiz eta azpimarratu duten beren nahia gune inklusiboa sortzea dela, ahalbidetuko duena haurrekin espazio berezi batean egotea zein haurrak jardunaldietako jardueretan egotea; bestetik, izen-ematearen kostuari –10 euro eguneko– aurre egin ezin dietenei ordaindu beharrik gabe parte-hartzeko aukera luzatu diete. "Era berean, elkartea lagundu nahi duenak ere izango du diru kopuru handiagoa jartzeko aukera", gogoratu dute.

Ohartarazi dute edukiera mugatua dutela, interesa duenari ahalik bizkorren izen-ematera dei eginez. Printzipioz, azaroaren 4ra arte egongo da izena emateko aukera, jardunaldien web-orrian. Haur edo nerabeekin joateko asmoa izanez gero, izen-ematerakoan argi adierazteko eskatu dute.

Jardunaldiak streaming bidez jarraitzeko aukerarik ez da egongo, kontzienteki hala izatea erabaki baitute: "Bertaratzeari eta eztabaida gorpuzteari garrantzia berezia eman nahi genion".

Auzi kolektiboa, eztabaida politikoa

Elkarte gisa duen helburua Euskal Herria feminista bilakatu eta burujabetza prozesuan sakontzea izanik, amatasunaren gaiari heldu eta hausnarketa kolektiboa bultzatzea erabaki du Emaginek. Emakume oro zeharkatzen duen gaia, eta hortaz, esperientzia kolektiboa delako. "Izan aukera, esperientzia, erabakia, ezintasuna edota uko egiten diogun zerbait, emakume* ugari zeharkatzen gaituen gaia da".

Amatasunarena esperientzia kolektiboa izanik, eztabaida politiko bat eskatzen duelakoan dago elkartea. Gainera, ikusten zuten gaiaren bueltan geroz eta diskurtso eta praktika gehiago daudela Euskal Herrian, baina artikulatu gabe. Hala bada, ekarpena egin zezaketela iritzirik, eztabaida bultzatzeko erronka beren gain hartu dute. "Izan da gure derrigorrezko destino, instituzio patriarkal gisa, eta horregatik eztabaida ekidin ezina izan da emakume askorentzat. Halaber, izan da eta da emakume* askoren desio. Argi dago amatasunak askotariko bizipenak jasotzen dituela. Horregatik uste dugu amatasunen (amatasunen, ez amatasunen eta beste amatasunen) gaineko hausnarketa feminista sustatu beharra dagoela, eta eztabaidarako zein elkartrukerako gune bat sortzea aberasgarria izan daitekeela".

Gai konplexuaren aurrean daudela eta dituen erpin guztiak jardunaldietan ezingo direla landu adierazi dute. Halere, pozik agertu dira egitarauan barnebildu dutenarekin, gaiaren bueltako korapiloak zein diren identifikatzeko hainbat feministarekin egindako kontraste lanaren emaitza baita.

Amatasunaren auziak zeharkatzen duen orori parte hartzeko gonbita luzatu diote, eztabaidaren garrantzia azpimarratuz: "Azken sasoian, bizitzak erdigunean jarriko dituen gizarte eredu justuago bat aldarrikatzen gabiltza eta horri lotuta gure zaintza sistema jarri dugu jomugan. Bada, bizitzaz eta zaintzaz ari garen honetan, ezinbestekoa da amatasunak gizarte erakunde gisa duen papera aztertzea. Halaber, XXI. mendeak bere dituen ezaugarriekin batera  aztertu behar da (ez)amatasunen afera. Aldatu egin baita emakumeok lan merkatuan dugun presentzia, arlo produktibo-publikoak gure bizitzetan duen lehentasuna, harremanak eraikitzeko erak, sare sozialak… Horrek guztiak begirada eguneratzea eskatzen duela uste dugu".