argia.eus
INPRIMATU
Ez al da erlezaina erlearen zaindari?
  • Lagun batekin izandako elkarrizketa baten harira…

    Erlea oso garrantzitsua dela esaten dugu behin eta berriz. Intsekturik polinizatzaileena dela, polinizaziorik gabe ez genituzkeela orain jaten ditugun barazki eta fruituen erdiak edukiko. Baina, hala ere, erlezainok beraiek eginiko lana kentzen diegu. Zergaitik?

    Erlezaintza esplotazioa al da? Erleen lanaz aprobetxatzen gara?

Balerdipeko erleak @balerdipeko Inaxio Arin Mattin Jauregi 2023ko apirilaren 24a
Argazkia: Balerdipeko Erleak.

Erleak naturalki egiten duen prozesua da nektar, polen edo propoli bilketa, naturarekin sortutako hartueman bat. Landareek ernalketa gauzatzeko beharrezko dituzte erleak; ordainetan, landareek elikagaia ematen die. Batak bestearen beharra du.

Erlezain eta erleen artean bada hartuemanik?

Lehen ere aipatu izan dugu gizakiok kalte handia eragin diogula naturari eta erleari, errudun garela ingurumunean dagoen kutsaduran, gure lurra pozoitu dugula. Hala ere, erlea eta erlezainen artean hartueman bat badela esango genuke.

Erlezainok erlea zaintzen dugu, erlauntza osasuntsu egoteaz arduratzen gara, ez dezan inongo gaitzik izan, espezie inbaditzaileengatik babesten dugu, eta beste hainbat lan egiten dugu. Askok horren atzean gure interesa dagoela diote, erlauntza osasuntsu egoten saiatzen garela, erleak ezti gehiago egin dezan, ondoren produktu kantitate gehiago kendu ahal izateko.

Ez gara konturatzen erlezainoi esker bizi direla gaur egun erleak eta erle horiei esker polinizazioa. Norbaitek zaindu beharreko intsektua da erlea. Erlezainok pasatako denbora eta gastuak ordaintzeko, horren gustuko dugun intsektuari kendu behar izaten dizkiogu produktuak, zenbait kasutan esplotatzeraino.

Erlea manipulatzen dugu naturalki egingo dituen lanak azkartzeko, gizakiontzat onuragarriak diren produktuak eskuratzeko. Esplotazioen artean ere badira esplotazeko modu ezberdinak, ez da gauza bera esplotazio estentsiboa edo intentsiboa. Erlezaintzan ere bietatik ikus daiteke, baina nekez ikusiko dugu erlezaintza intentsiboa inguruko erlezain txikietan. Erlezain txikiak beti saiatzen dira ahalik eta produktu onena ateratzen, erlearen osasuna kontuan hartuz. Azken batean, erle osasuntsuari esker lortuko baititu erlezainak kalitatezko produktuak.

Askok ditugu erleen produktuak oso gustuko, osasunerako zein gastronomiarako. Orain badakigu produktu horien atzean erlezaintza babesten dugula, erlea zainduko duen langilea. Babestu dezagun erlezaintza, erlea zaindua izan dadin