argia.eus
INPRIMATU
Ez adiorik, Tuvalu
  • 2022ko abenduan Tuvalu uharte-estatu ttipiak iragarri zuen Metabertsora pasatuko dela. 26 kilometro karratu baizik ez dauzkan artxipelagoa itsasoak bere igoerarekin irensteko arriskuan dago eta horregatik nahi dute ziberespazioan iraupena segurtatu. Simon Kofe Atzerri ministroak, 2021ean Glasgowko COP 26an parte hartzen ari zirenei uretan belaunetaraino sartuta hitz egin zien hark, adierazi du: “Gure lurraldea desagertzen ari denez gero, ez daukagu beste aukerarik munduko lehenbiziko nazio digital bihurtzea baizik. Gure lurra, gure itsasoa eta gure kultura dira gure nazioaren ondasunik preziatuenak eta horiek suntsitzetik salbatzeko lainora eramango ditugu”.

Gill Barron Simon Fairlie 2023ko martxoaren 06a
Tuvaluko Atzerri ministro Simon Kofek -argazkian COP26ko partaideei mintzatzen itsasoko uretan belaunetaraino sartuta- iragarri du bere herrialdea Metabertsora pasatuko dela, ozeanoak urperatu baino lehen.

Kofek lortu du prentsan lerro handitan azaltzeko helburua; baina errealitate birtualera erretiratzeko bere proposamena izan daiteke azken urteotan moda bihurtu den eko-pesimismo baten ikur adierazgarrietakoa. Bat-batean ozenago entzuten dira nekazaritza eliminatu,  gizadia bazka sintetikoz elikatu, mundu naturaletik apartatu eta ipuinetako Eden batera itzultzea, Regenesis delakoa aldarrikatzen duten ahotsak. Distopia horretan munduko baserritar eta artzainak etxe-orratzetako apartamenduetara eramango dituzte beren pantailetan ikustera mundu naturalaren metabertsioa; eramango dituzten metropoliak sostengatzen dira azpiegitura teknologiko zentzu gabeki konplexuetan, zeinek berekin daramatzaten beren hondoratzearen haziak, mundu horren igoera eta erorketa duela 114 urte E.M. Forsterrek The Machine Stops kontakizun laburrean azaldu zuen moduan.

Bitartean,The Land aldizkarian saiatuko gara gure oinak lurrean ondo finkatuta eta uretan zipriztinduta edukitzen. Jarraituko dugu Naturarekin konprometituta egiten eta ez hartatik apartatzen, bilatzen gizadiaren eta mundu naturalaren arteko dialektika lehorrean eta itsasoan azken 500  belaunaldietan hain emankor egin duten moduan, huts eginak zuzentzen eta lorpenak sendotzen. Baliteke gu historiaren okerreko aldean kokatu izana, baina hala balitz ere saiatzen gara atxikitzen  eko-modernismoaren eta transhumanismoaren agendari uko egiten dioten beste barbaroekin batera.

'The Land' aldizkariaren azken zenbakia, 2023ko hasierakoa.

The Land aldizkariaren manifestutik

Jendea zenbat eta merkatuaren menpekoago bizi, are eta estuago kateatuta gera daiteke hierarkia fiskal eta politikoari. Baina lurra daukan edozeinek jada badauzka eskuratzea energia, ura, elikadura, aterpea, sendabidea, jakintza, asaba zaharrak eta hilobia. Lurra eskuratzea gehiago da lurraren jabeak diren eliteentzako mehatxua baino: mehatxua da hazkunde ekonomiko mugagabearen erlijioarentzako eta horretan oinarrituta indarrean den aginte egiturarentzako.

Merkatu globalak errotik erauzi eta suntsitzen ditu lurra oinarri duten giza kulturak. Azken finean, errorik gabeko merkatu globalak bere burua suntsituko du. Erroma erori zen; Inperio Sobietarra hondoratu zen; Munduaren Ordena Berria lehertzen ari da gure begien aurrean. Historian ez da ezer betirako denik, salbu eta geografia. Aberastasunaren iturri bakarra lurra da. Kapitalismoa iruzur bat da, eraikin distiratsu bat paperezko promesen gainean eraikia. Menturaz iraungo du gutako batzuek aurreikusi zutena baino gehiago, baina hondoratuko denean, lurrak hor iraungo du.

Egileei buruz:

- Simon Fairlie kazetaria, idazlea eta baserritarra da. Berrikitan plazaratu du Going to seed. A counterculture memoir autobiografia. Aurretik beganismoaren kontra eta abeltzaintza txikiaren alde Meat, a benign extravagance publikatu zuen.

- Gill Barron idazle eta baserritarra, margolaria ere bada. 'Compendium of Acrylic Painting Techniques argitaratu du.

- The Land aldizkariaren 32. zenbakiko editoriala da ARGIAn euskaratu duguna. The Land urtean bitan plazaratzen dute eta egoitza dauka Ingalaterrako Dorset eskualdeko etxalde kolektibo batean. Honela laburbiltzen ditu bere helburuak: “The Land idatzita dago Justiziaren, askatasunaren, segurtasun sozialaren eta demokraziaren erroak diruaren jabetzan edo bozkatzeko eskubidean baino gehiago lurra eta baliabideak eskuratzeko ahalmenean dautzala sinesten duten jendeek eta jendeentzako”.