Mike Ahern eta Enda Loughmanen Extra Ordinary filmak irabazi du Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen publikoaren saria. Joan den ostiral gauean amaitu zen 30. edizioa bete duen festibala.
Publikoak hitz egin du: Extra Ordinary film luzeak irabazi du Donostiako zitako sari nagusia. Ez da palmaresean agertzen den film bakarra ordea: film labur onenaren kategorian, ikusleek The Burden / Het Juk saritu dute, Nico van den Brink zuzendariaren lana alegia. Beste aipamen bat ere jaso du film horrek gainera, epaimahaiarena, kontatzen duen historia borobilagatik, originala izateari utzi gabe beldurrezko pelikula klasikoen elementu asko batzen dituelako.
Animaziozko film laburren alorrean, Illogic-en Maestro izan da garaile, film labur espainiar onenaren saria La última Navidad del universo-rentzat izan da eta Stray film australiarrak irabazi du Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Asteko epaimahaiak ematen duen Nazioarteko Film Laburren Lehiaketako saria. Fernando Iwasaki, Itziar Castro eta Elisa McCauslandek osatutako epaimahaiak aho batez erabaki du, gainera, saria Australiara bidean jartzea.
Europako film labur fantastiko onenaren Méliès saria, berriz, Sesselía Ólafsdóttir eta Peter Callow zuzendarien Turn / Umskipti lanarentzat izan da, hiru neskaren arteko laguntasun-harremanean dauden botere-erlazioak landu dituen moduagatik.
Azkenik, epaimahai gazteak O.I. nabarmendu du, N’cee van Heerden zuzendariaren film laburra; Norma Vilaren El fin de todas las cosasek irabazi du gaztelaniazko pelikula labur onenaren Syfy saria; Joe Begosen Bliss-ek lortu du film luze onenaren Blogos de Oro saria; eta fanzine onenaren publikoaren saria La valla-rentzat izan da.