argia.eus
INPRIMATU
Existitzen zen, bai
  • 20 urterekin erosi zuen Amaiak bere etxeko telebista. Grisa, karratua, handia. Eta altzari polit batean jarri zuen, sofaren aurrean. Hasieran ez zekien oso ondo egokiena izango zen ala ez. Lehenengo aldiz ikusi zuenean ez baitzitzaion bereziki erakargarria iruditu. Piztu zuenean, ordea, berehala jakin zuen baietz, egoki baino egokiagoa zela, berezia zela. Poz-pozik zegoen Amaia, izugarri gustatzen zitzaion telebista ikusten afaltzea. Lagunak ere gonbidatu egiten zituen etxera ikus zezaten. Ez zitzaion askorik inporta ze saio edo film zegoen jarrita.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko apirilaren 26a

Horrela eman zituen 15 urte. Halako batean, gutunontzia ireki eta bertan telebista katalogo bat ikusi zuen arte. Ez zekien zer pentsatu, lehenago inoiz ez zitzaion burutik pasatu telebista aldatzea. Baina ze politak ziren paper horietan agertzen ziren guztiak. Beltzak, eleganteak, finak. Internetera ere konektatu ahal zen horiekin, eta zerbait ikusten zegoen momentuan birbobinatu. Denek erosten zuten, eta eskaintza berezia egiten zioten. Beraz, erosi zuen bat, eta noski, zaharra bota. Zertarako gorde horrelako trastu bat?

Handik urte batera, ordea, aldatu behar izan zuen. Pantaila oso delikatua zen, eta ilobak jolasten ari zirela kolpe eman eta arrakalatu egin zen izkina batetik. Jada ez zituen lagunak telebista ikustera gonbidatzen, apurtzeko beldur zen. Berria eman zioten, baina ez zuen askorik erabiltzen. Noizbehinka gelditu egiten zen, edo amatatu, eta horrek ikusteko gogoak kentzen zizkion. Dendariek normala zela esan zioten, ezaugarri asko zituela eta batzuetan denbora behar zuela kargatzeko.

Bi urte igaro dira ordutik, eta dendan aurkitzen da berriro Amaia. Oraingoan ere eskaintza bereziak daude. Eta apurtu berri zaion telebista zahartuta dago dagoeneko. Begien aurrean dauka modelorik berriena, eta dendariak konbentzitu egin du. Erostera doa. Itxaron. Ulertuko al ditu telebista horrek dakartzan aurrerakuntzak? Jakingo ote du erabiltzen? Orain ere ezin izango ditu lagunak gonbidatu, delikatu xamarra da. Eta zergatik egiten dituzte horren finak? Altzari erdia libre gelditzen zaio eta hautsez betetzen da.

Ez daki zer egin. Dendariari galdetu dio: “Existitzen al da beldurrik gabe, lasai, gustura eta pozik erabil dezakedan telebistarik?”. Eta halakoan, botatako telebista zahar hura etorri zaio burura. Existitzen zen, bai.