TU-K
Non: Ahotsenean (Plateruena, Durango)
Noiz: Abenduaren 8an
-----------------------------------------
Bufandak, aterkiak eta begi-zuloak ditu abenduaren 8ak Durangon. Azokaren azken egunari igande eguerdia eta negu giro sarkorra gehitu zaizkio eta erdi hutsik daude Landako inguruetako kaleak. Haatik, bada planik egun hauetan Plateruena hartu duen Ahotsenean: beste lau disko aurkezpen arratsaldea epeltzeko.
15:40 jotzear direla egin du Miren Narbaizak Tu-k taldearen aurkezpena. 1980ko hamarkadan kaleratutako bi maketa digitalizatu eta masterizatuta –Existentzia (1987) eta Beltza (1989)–, eta argitaratu gabe geratutako hiru kanta gehituta, Tuka esaten da biniloa kaleratu du taldeak. Behin abestiak berreskuratuta, zuzenekoak ere berreskuratzera doaz orain; etapa honetako lehenengoa da gaurkoa.
Tu-k existitu dadin eta atzera begira baina gauza berriak egiteko gogoz daudela esanda, lanaren aurrerapen gisa sei abesti jo ditu laukoteak: Txomin eta Markel Uribek, Josu Aranbarrik eta kajarritmosak.
Izenak berak aditzera ematen duenez, erritmo kutxa baita taldearen bereizgarrietako bat, testuak bezainbat. Geunden tokitik garaiko Ondarroara eraman gaitu Tu-k bandaren melodia, riff eta letren unibertsoak, patriketan gauza abarrak eta asmo ederrak zituzten eskuak tabernetan, itsasertzetan eta kale grisetan irudikatzera, oihartzun egiten digutela inguruko talderen batek eta Britainia Handiko garaiko beste zenbaitzuk. Oihartzun horretan, baina, ezinbestean azaltzen dira egungo irudi eta taldeak ere.
Hala, oholtzan egoten dakiten musikarien aisetasunarekin eta asmo zaharberrituei darraien ilusioarekin, ordu erdi eskasean mikroklima bat eratu dute Plateruenan. Aterkipe hotzeko etxera buelta aho zapore ederrarekin egiteko beste; karamelua probatuta, zuzeneko oso bat ikusteko gogoa irentsita. Gaurtik aurrerakoak, duela lau hamarkada bezala, irudien proiekzioekin egingo dituztela iragarri dute gainera, orduan erabiltzen zituztenekin eta berri batzuekin.
Duela aste batzuk, hurrengo zuzeneko kronika hautatzen nenbilela entzun nuen lehen aldiz taldearen lana. Ekidin ezin izan nuen kalkulua etorri zitzaidan burura: minus zortzi urte nituen haien azken lana kaleratu zutenean. Denbora-jauzi horrek eta, batez ere, orduko martzianoek egun izan dezaketen freskotasunak ekarri nau Tu-k taldeak zuzenean ze forma hartzen duen ikustera. Ez baita lehen aldia gu jaio orduko jotzen ari ziren taldeen itzulerak zuzenean ikusi ditudana. Baina nekatu ninduen iraganaren purutasuna loriatzeko eta ordukoan katigatzeko joera batek. Are, nostalgiaren errentagarritasunak. Besterik da, ordea, iraganean sortutakoa hartu, oraineko eskuekin ukitu eta joan-etorri horietan esperimentatzea. Existentzia mugimenduan jartzea. Hartzea ematea bada, herenegungoak gaurtik eta biharkoak atzotik ere behar duelako hartu eta eman.