argia.eus
INPRIMATU
Espainiako enpresarik handienetan, zuzendari exekutiboen soldata batez bestekoa baino 118 aldiz handiagoa da
  • Ia 24 milioi euroko ordainsaria jaso zuen Jesús María Herrerak, CIE Automotiveko zuzendari exekutiboak, 2023an. 2022an 20 milioi euroko aparteko prima jaso, eta sei bider handitu zuen urteko soldata. Iberdrolak ere lekua hartu du podiumean, eta 2023an, energia krisi bete-betean, Ignacio Galanek ia 14 milioi euroko soldata jaso zuela ezagutarazi du txostenak.

Julene Flamarique 2024ko abenduaren 13a
Jesús María Herrera, CIE Automotiveko exekutibo gorena

Oxfam GKEak “Huella en las desigualdades de las grandes empresas españolas” (Espainiako enpresa handien arteko desparekotasunen aztarna) txostena kaleratu du abenduaren 11n. Enpresen jardunbideek desparekotasun sozialean nahiz ekonomikoan duten eragina aztertu dute, baita ingurumenean duten inpaktuarekin eta beren aztarna ekologikoarekiko konpromisoekin lotutako beste alderdi batzuk ere. Izan ere, Oxfamen hitzetan, “klima-aldaketan ez dute berdin eragiten gizarteko eragile guztiek, eta pertsonek ere ez dituzte ondorioak berdin jasaten”. Horretarako “fakturazio handiena” duten Espainiako Estatuko 40 enpresa aztertu ditu; horien artean Ibex 35eko enpresetatik 29, eta burtsan kotizatzen duten beste 11.

Exekutibo gorenaren soldata batez bestekoa baino 118 aldiz handiagoa

Soldaten arteko desparekotasunaren “lehen argazkia” ateratzeko, konpainia handien exekutibo gorenen soldatak eta batez bestekoak alderatu ditu. Horren arabera, aztertutako 40 enpresetako exekutiboen soldata 118 aldiz handiagoa da batez bestekoa baino. Areago, aztertutako enpresen %58an, aldea 50 aldiz handiagoa da.

Bilboko CIE Automotive dago rankingaren gorenean:zuzendari exekutiboaren soldata enpresaren batez bestekoa baino 1.208 aldiz handiagoa da. Bizkaiko enpresa Egaña Korporazio Industrialak eta Aforasa Taldeak bat egin zutenean sortu zen CIE Automotive 2002an, eta Jesús María Herrera da zuzendari exekutiboa, 2023an 23,7 milioi euro irabazi zituen, eta 2022an 20 milioi euroko aparteko prima jaso zuen, bere urteko ordainsari osoa sei aldiz biderkatuta. CIE Automotiveren ostean Indra (480 aldiz) eta Inditex (311 aldiz) daude. Soldata altuenaren eta batez besteko soldataren arteko distantzia txikiena duten enpresak Aena, (5 aldiz), DIA (9 ), eta Redeia (12) dira.

Azterturiko 40 enpresetan exekutibo gorenak jasotzen duen batez besteko ordainsaria 4,5 milioi eurokoa da. Oxfamek “izarigabeko soldatak” deitutakoak dituzten enpresen rankingean lehena CIE Automotive da berriz ere. Bigarren lekuan Indra dago, 15,5 milioi euroko ordainsariarekin, eta hirugarrenean Iberdrola, 13,8 milioi eurokoarekin. Energia krisiaren eta prezioen igoeren testuinguruan salmenta markak hautsi izan ditu azken urteotan Iberdrolak, eta Ignacio Galán presidenteak jaso duen ordainsaria konpainiako langileen batez besteko soldata baino 212 aldiz handiagoa da. Rankingaren beste muturrean daude DIA, haren lehen exekutiboak 150.000 euroko soldata jaso zuen; Aena (187.000); eta Redeia (833.000).

Zuzendaritza-batzordeko kideek, 27 aldiz

Zuzendaritza-batzordeko kideen batez besteko ordainsariak ere aztertu ditu ikerketak. Aztertutako 40 enpresetan goi karguek 1,15 milioi euro irabazten dituzte urtean batez beste, 2023ko datuen arabera. Hala, 27 aldiz kobratzen dute enpresako batez besteko soldata. Inditex da soldaten artean distantzia handiena duen enpresa (159); ondoren, Iberdrola (90), eta Banco Santander (74). Redeia eta Aena daude beste muturrean (4). Iberdrola da bere goi-zuzendariei soldatarik altuenak ordaintzen dizkien enpresa, 5,6 milioi euro batez beste, Inditexek 5,3, eta Banco Santanderrek3,6.

Dibidenduak, "desparekotasun fokua"

Enpresen dibidenduak “desparekotasun fokutzat” jo izan ditu Oxfamek. Izan ere, enpresen %18 irabazien %70 baino gehiago akzionistei zuzendutako dibidenduetara bideratu du. Horien artean lauk irabazien %100a baino gehiago zuzendu dute dibidenduetara, berezko funtsetara jota eta beraz enpresa deskapitalizatuta. “Endesak, Fluidrak eta Sacyr Vallehermosok halakoak egiten dituzte. Telefonicak berriz, nahiz eta galerak izan, 2023an akziodunei eskuzabal ordaintzea erabaki zuen;1.725 milioi euro dibidenduetara bideratuz 574 milioi euroko emaitza negatiboa izanda”, azaltzen du ikerketak.