Boliviako Unitel telebistak egindako kontaketa azkarraren arabera, Evo Moralesen MAS alderdiko Luis Arcek irabazi izango lituzke hauteskundeak, botoen %52,4rekin. Bigarren geratutako Carlos Mesak %31,5 aterako lituzke. Datu hauek ez dira ofizialak, baina urtebetez presidente kargua bete duen Jeanine Áñez-ek ontzat eman ditu eta irabazleak zoriondu ditu sare sozialetan. Kontaketa ofiziala mantso doa: urriaren 18 gauerdian %5 zuten zenbatuta eta Hauteskundeetako Auzitegi Gorenak iragarri du emaitza osoak jakiteko egunak behar izan ditzaketela.
Boliviako Unitel telebistak Ciesmori etxeari kontratatutako hauteslekuetako inkestari sinesgarritasuna eman diote parlamentuaren herenaren babesarekin urtebetez presidente kargua bete duen Jeanine Áñezek, eta hauteskundeak irabaziak lituzkeen Luis Arcek zein bere alderdikide Evo Moralesek. BBC-k eta El Pais hedabideek dakarte albistea, besteren artean.
Aún no tenemos cómputo oficial, pero por los datos con los que contamos, el Sr. Arce y el Sr. Choquehuanca han ganado la elección. Felicito a los ganadores y les pido gobernar pensando en Bolivia y en la democracia.
— Jeanine Añez Chavez (@JeanineAnez) October 19, 2020
Bolivian bi itzulitan egiten dituzte hauteskundeak. Baldintza hauek emanez gero, ordea, lehen itzulian irabazi ditzake hauteskundeak lehen hautagaiak: botoen %40 eskuratzea eta bigarren hautagaiari 10 puntuko aldea ateratzea.
Luis Arcek adierazpen hauek egin ditu Unitelek hauteslekuetan egindako galdeketaren emaitzak jakin ostean: "Demokrazia eta itxaropena berreskuratu ditugu. Lan egiteko konpromisoa dugu, gure programa aurrera ateratzeko". Sare sozialetan mezu hau zabaldu du: "Oso eskertuta gaude herri boliviarraren babes eta konfiantzarekin. Demokrazia berreskuratu dugu eta egonkortasuna eta bake soziala hartuko ditugu. Elkartuta, duintasunez eta burujabetzaz".
Muy agradecidos con el apoyo y confianza del pueblo boliviano. Recuperamos la democracia y retomaremos la estabilidad y la paz social. Unidos, con dignidad y soberanía #VamosASalirAdelante pic.twitter.com/vFO9Mr1o44
— Luis Arce Catacora (Lucho Arce) (@LuchoXBolivia) October 19, 2020
Argentinan errefuxiatuta dagoen Evo Moralesek ideia bera azpimarratu zuen prentsaren aurrean: "Demokrazia berreskuratu dugu. Aberria berreskuratu dugu". Sare sozialetan mezu hau zabaldu du: "Anai-arrebok: Herriaren borondatea ezarri da. MAS-IPSPren garaipena irmoa da. Gure mugimendu politikoak gehiengoa izango du bi ganbaretan. Milioiak itzuli gara, orain duintasuna eta askatasuna itzuliko dizkiogu herriari".
Hermanas y hermanos: la voluntad del pueblo se ha impuesto.
Se ha producido una victoria contundente del MAS-IPSP. Nuestro movimiento político tendrá la mayoría en las dos cámaras. Hemos vuelto millones, ahora vamos a devolver la dignidad y la libertad al pueblo.#JallallaBolivia pic.twitter.com/gTHa6qRhTB
— Evo Morales Ayma (@evoespueblo) October 19, 2020
Hauteskundeen aurreko gakoez idatzia du Lander Arbelaitzek.