argia.eus
INPRIMATU
Everestetik 4.000 kilo hondakin garbituko ditu Indiako armadak
  • Indiako armadako kideek Everest mendia eskalatuko dute, igotako eskalatzaileek utzitako hondakin biodegradagarri ezinak jasotzeko. Apirilaren amaieran ekingo diote eta 4.000 kilo hondakin baino gehiago jasotzea aurreikusten dute.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko apirilaren 21
Everesteko hondakinak bilduko ditu Indiako armadak. (Argazkia: NBC).

Espedizioan 34 lagun joango dira eta hainbat sherparen laguntzarekin jaitsiko dute aurreko espedizioek utzitakoa. India Todayk jaso duenez, kanpin-denda, lotarako zaku, oxigeno botila eta hildako eskalatzaileen gorpu ugari daude, beste hainbat hondakinen artean, munduko tontor altuenean.

Armada indiarraren espedizioko buru Ranveer Singh Jamval-en esanetan, “zoritxarrez, Everest mendia munduko txatarra biltegirik altuena ere bada”. Bidaia Indiako armadaren Everesteko igoera arrakastatsuaren 50. urteurrenean egingo dute.

8 kilo hondakin jaistera behartuta daude eskalatzaileak

Nepalgo Gobernuak 2014. urtean hainbat arau onartu zituen arazo horri konponbidea eman nahian. Horretarako, mendizale bakoitzak gutxienez zortzi kilo hondakin jaitsi behar ditu oinarrizko kanpalekura.

The Huffington Posten arabera, gutxieneko hori sortzen ez badu eskalatzaileak, mendian dagoen zaborra biltzera behartuta dago pisu hori bete arte. Espedizio taldeek 3.500 euroko fidantza utzi behar dute horretarako eta araua bete ezean, dirua galtzen dute. Urtebetean 6.400 kilo hondakin biltzea espero dute arau horri esker.