Ez galdetu zergatik, baina sarritan pentsatu izan dut kalte egiten diguna onartzeko erraztasun handia dugula. Erraztasuna, edo agian, beharra. Azken batean, dikotomia nabarmena planteatzen duen auzia da beharrarena: bere kausaren aurka egin dezakezu, ala hezur eta guzti irentsi. Ez dago erdibiderik.
Edozeri aurre egitea lan astun bezain nekeza denez, korrontearen norantzan errenditzen zara egun batean, eta jada ezagutzen ez duzun nonbait esnatu hurrengoan. Amildegiaren burrunba etengabeak tinpanoak kolpatu ahala ikasten duzu entzungor egiten, erori arteko bidean itxurazko bakea bilatzen, bizitza erromantizatzen. Ohartu orduko, beharrak zu irentsi zaitu, hezur eta guzti.
“Zergatik saiatzen naiz zu salbatzen ebidentzia guztien kontra? Zergatik sinistu nahi dut zure maitasunak eman zidala ezer, eman didan guztia agian neuk bakarrik sortu dudanean?”. Zalantza horiek plazaratu zituen Karmele Jaiok Maitasun kapitala eleberrian, eta uste dut zilegi dela maitaleari galdetu moduan bizi dugun garaiari ere kezka berdinak planteatzea: zergatik saiatzen naiz zu idealizatzen? Zergatik sinistu nahi dut baduzula zerbait guretzat gordea?
Irribarrez irribarre, korronteak eraman zaitu ezagutzen ez duzun leku batera. Jadanik ez dakizu nondik zatozen, zeinekin zatozen, urak zaramatza
Idealizatzea da, hain zuzen ere, ezinegona eragiten digun gauza ororen aurrean diskretuki beste aldera begiratzea, gordinkeriak aukeraz mozorrotzea. Joko sinple bezain erakargarria da: begiak zarratu eta txas! Lehen urtebete irauten zuen masterra bi urtera luzatzea ez da lapurreta, askotariko konpetentziak garatzen lagunduko dizun ikasketa prozesu integral eta kalitatezkoa izateko aukera baizik. Azkenaldian horrenbestek ahoan darabilten selektibitatea, izan eredu zaharra edo ikasturte honetako eredu zahar makillatua, ez da ikasleen bereizketa krudel bat, zuk nahi duzun etorkizuna hautatzeko aukera baizik. Ordaindu gabeko praktika amaigabeak ez dira esplotazio bat, zure lana izango den horretan trebatzeko bereziki eskaini zaizun aukera baizik.
Luzea da zerrenda. Oso.
Eta badakigu, barrenean, otsoak ardiz mozorrotze hori bizirauteko sena baino ez dela, beharrak bere korrontean harrapatu gaituen seinale. Baina dagoenaren eta nahi genukeenaren arteko muga lausotuz doan heinean, funtsezkoa da benetan zer den zer oroitzea, nor den nor, aukera amaigabeen mundu honetan zapaldua izatekoa gailentzen baita azkenean.
Eta, baliteke, mundu idiliko horren erakargarritasuna izatea gaitzik okerrena. Irribarre inozo bat selektibitatean behar zenuen nota lortu ostean, are handiagoa gurasoek lanak beti fruituak ematen dituela esaten dizutenean. Irribarre inozo bat EHUko matematikako ikasleoi Laboral Kutxako lan eskaintza bat heltzen zaigun aldiro, karrera egokia hautatu izanaren ego puntu hori. Irribarre inozo bat kuadrillakoek baino apur bat gehiago kobratzen duzula ohartzean, beste bat nagusiak zoriontzen zaituenean. Irribarre inozo bat bizitzaren jokoan estrategia irabazlea duzula uste duzunean.
Irribarrez irribarre, korronteak eraman zaitu ezagutzen ez duzun leku batera. Jadanik ez dakizu nondik zatozen, zeinekin zatozen, urak zaramatza eta behatzek ez dute lurrik ukitzen. Zure nahiak ez dira zureak, ez dakizu nor bihurtu zaren, baina zeinen ederra aukeren mundua.
Sarritan pentsatu izan dut kalte egiten diguna onartzeko erraztasun handia dugula. Ez galdetu zergatik.