argia.eus
INPRIMATU
Eutanasiaren debekua kendu du Alemaniak, Konstituzioaren aurkakoa delako
  • Alemaniako Konstituzio Auzitegiak bertan behera utzi du 2015ean onartutako Zigor Kodeko 217. artikulua, eutanasian laguntzen duten zentroak zigortzen dituena, konstituzioaren aurkakoa dela argudiatuz.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko otsailaren 27a
Andreas Vosskuhle Alemaniako Auzitegi Konstituzionaleko burua epaia ematen.

2015etik aurrera, gaixo larriei beren bizitza amaitzen laguntzea legez kontrakoa izan da Alemanian. Eutanasiari lotutako zentroek ateak itxi behar izan zituzten, “suizidioa sustatzeagatik” kartzela-zigorra jasan baizezaketen.

Lege honen helburua “norbanako edo taldeek eutanasiatik negozioa ateratzea saihestea” zen, diruaren trukean eutanasia gauzatzeko arriskua ikusten zutelako. Alemaniako zaintza aringarrien sozietateko buru Heiner Melchingek adierazi zuen debekua kenduz gero “eitanasia egiten laguntzen duten ustezko laguntzaileak” sortzeko arriskua zegoela.

Neurriaren aurkako salaketa

Alemaniako debekua zela eta, eutanasia egin nahi zuten gaixoek alboko herrialdeetara, Danimarka edo Suitzara bidaiatu behar izaten zuten han hil ahal izateko, legezkoa baita eutanasia bi herrialdeotan. Gaixoak izan ziren salaketa Konstituzio Auzitegira eraman zutenak. Baina medikuen laguntza ere izan zuten. Neurria salatu zuenetako bat, Matthias Thöns doktoreak legeak zaintza aringarriak kriminalizatzen zituela adierazi zuen.

Azkenean, Andreas Vosskuhle Alemaniako Konstituzio Auzitegiko buruak adierazi du Parlamentuak suizidioa saihestu eta zaintza aringarriak areagotzeko legeak onartu ahal baditu ere, ez duela eskumenik eutanasia debekatzeko.

Hala ere, azpimarratu du eutanasia praktikatzeari ezetz esan dion doktore bat ezin daitekeela horretara derrigortu.