Nafarroako Gobernuko Osasun sailak Erabakiak bizitzaren amaieran jardunaldiak antolatu ditu. Azaroaren 23an Baluarten izango dira eta saio bat herritarrei irekia izango da (izen-ematea zabalik da) eta beste bat profesionalentzat izango da.
Nafarroako Gobernuak oroitarazi duenez, Nafarroako Heriotz Duinaren Behatokiak pandemiaren aurretik egindako azken txostenek erakusten dute Nafarroako herritarrak bizitzaren amaierako zaintzen inguruko erabakiak hartzearen aldekoak direla: "orokorrean, etxean hil nahi dute, zaintza paliatiboak jaso, borondatea aurrez idatzita uztea eta laguntza espirituala eskatzea. Gainera, txostenek ondorioztatzen dute moralki onargarritzat hartzen direla eutanasia eskatzea eta legalizatzea, baita lagundutako suizidioa ere".
Nafarroako Gobernuak azpimarratu du bizitzaren amaierari buruzko erabaki hauek ez direla familian jakiten eta herritarren %58k soilik dakiela borondateak aurrez idatzita uztearen berri. Horrela argudiatu dute jardunaldi hauen beharra, herritarrak zein profesionalak informatzeko eta formatzeko.
Bizitzaren amaierako erabakien inguruko etikan eta arlo juridikoan esperientzia duten hizlariak arituko dira. Herritarrei irekia den goizeko saioan arituko da Nuria Terribas legelari eta bioetikan aditua, zeina den baita ere Katalunian eutanasia ezartzeko ebaluazio eta berme komisioko kidea. Autonomiaz eta osasunean erabakiak hartzeaz arituko da. Ondoren, Koldo Martinezek Espainiako eutanasia legea azalduko du.
Arratsaldeko saioa profesionalei zuzendua egongo da. Cristina Lasmarías Kataluniako erizainak eta Iñaki Saralegi mediku intentsibistak mahai-inguruan aztertuko dute erabakiak aurrez idazteko markoa zertan den eta gaixoen eta profesionalen arteko komunikazioa nolakoa den gai horretan. Arratsaldea bukatuko da Espainiako Eutanasia Legearen aplikazioari buruzko azalpenekin, Katalunian eutanasiarekin burura eraman den prozedura azalduz. Honetan parte hartuko dute Nuria Terribas eta Victoria Vivanco-k.
Herritarren jardunaldietan izena emateko, hemen klikatu behar dute.