argia.eus
INPRIMATU
Eutanasia legeztatzeko lehen urratsa?
  • Inoiz baino urrunago iritsi da Espainiako Kongresua gai honetan: eutanasia ez zigortzeko lege proposamena onartuko dute alderdi politikoek, gehiengo absolutuz. Ate bat zabaldu dela eta esperantza dutela diote heriotza duinaren aldeko elkarteek, baina bide luzea dago aurretik eta gauzak ez dituzte batere erraz jarriko PP, UPN eta Ciudadanosek.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2018ko maiatzaren 09a

Duin Hiltzeko Eskubidearen Aldeko Kataluniako Elkarteak eraman zuen proposamena Kataluniako Parlamentera eta honek Espainiako Kongresura luzatu du orain. Zigor Kodeko 143.4 artikulua aldatzea da asmoa, eutanasia zigortzen duen artikulua, eta ostegun honetan proposamenaren alde bozkatuko dutela iragarri dute alderdi gehientsuenek; ezetz bozkatuko dute PPk eta UPNk, eta abstenitu egingo da Ciudadanos. Duela hamabost hilabete ere, eutanasia arautzeko proposamena egin zuen Podemosek, baina orduko hartan PSOEk ez zuen alde bozkatu.

“Gizartearen gehiengoak nahi duena lege bihurtzea du helburu proposamenak. Norberaren heriotzaz erabakitzea jada ez da tabua”, adierazi du Alba Vergés-ek (ERC).

“Ez dugu inongo erreformarik egiteko asmorik”

Lege proposamenak, ordea, traba handiak izan ditzake oraindik. PP, UPN eta Ciudadanos batuta, nahikoa aulki dituzte Kongresuan tramitazio epeak nahi adina atzeratzen joateko, eta legealdi bukaerara arte hala eginez gero, bertan behera geratuko litzateke proposamena. Dolors Montserrat Osasun ministroak esana da: “Ez PPk ez Espainiako Gobernuak ez dugu eutanasiaren aldeko inongo erreformarik egiteko asmorik”.

Eutanasia legezkoa da, besteak beste, Oregon (AEB), Suitza, Holanda, Luxenburgo, Belgika, Kolonbia eta Kanadan.