argia.eus
INPRIMATU
Eutanasia legeztatzeari bide berdea Espainiako Kongresuan
  • Heriotza duinerako eskubidea eztabaidagai da berriro ere Espainiako kongresuan. Oraingoan bai, eutanasia despenalizatzeko bideari ekingo diote, hauteskunde deialdiak bertan behera utzi zuen PSOEren proposamena aurrera aterata.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko otsailaren 11
Maribel Tellaetxeren senarra, eutanasia legeztatzeko sinadurak Espainiako Kongresura eramaten.

Portugaleteko Maribel Tellaetxeren kasuak hautsak harrotu zituen juxtu duela urtebete. “Zuen izenak gogoratzen ez ditudan egunean, egun horretan joaten lagundu behar didazue. Mesedez, ez utzi ni ez izaten, ez utzi duintasuna galtzen”, eskatu zien senar eta seme-alabei Tellaetxek, gaixotasunaren hastapenetan. Orain, haren seme Davidek espero du PSOEren proposamena ahalik eta azkarren bihurtzea lege, “nire ama zegoen egoera berean dauden horiengatik guztiengatik”.

Navarra Suma, PP eta VOX dira proposamenaren kontra egin duten bakarrak. “Norbere bizitzari amaiera emateko eskubidea” jasotzen du proposamenak, “gaixotasun larri, kroniko edo sendaezinen kasuan”. Baldintza horrek eutanasia eskatzen duen gehiengoa barne hartzen duela baina baten bat kanpoan geratu daitekeela gogoratu du Davidek.

“Sufrimendutik salbatzea ere bizitzak salbatzea da; pazientearen bizitzagatik ezer egin ezin daitekeenean, gutxienez minetik salbatzea”, defendatu zuen Marcos Hourmann medikuak, Espainiako Estatuan eutanasia aplikatzeagatik kondenatua.