argia.eus
INPRIMATU
Eutanasia eskubidea legeztatu du Espainiako Kongresuak: hona arauaren zenbait gako
  • Madrilgo Diputatuen Kongresuak ostegunean, abenduak 17, egindako osoko bilkuran bozkatu eta argi berdea eman dio zenbait kasutan eta kontrol mediku eta juridiko zorrotzen barruan herritarrak borondatez hiltzeko eskubidea arautzen duen legeari. Testuak gehiengo zabala lortu du: aldeko 198 boto, kontrako 138 eta bi abstentzio. Legea indarrean sar dadin orain Senatuak onartu beharko du. Erakunde honetan zuzenketa handirik ez ezartzekotan, ondoko lerroetan azalduko ditugunak izango dira lege berriaren gako nagusiak.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 18a
Maribel Tellaetxez (argazkian eserita) oroitu dira asko egunotan, berak eta bere sendiak heriotza duinaren alde sustatuko mobilizazioak asko bultzatu duelakoan lege berria. (Argazkia: Fernando Domingo Aldama)

Lege berriak honela definitzen du eutanasia aktiboa: osasun-arloko profesional batek paziente baten biziari nahita eta honek eskatuta amaiera emateko ekintza da. Ekintza hau burutu ahal izango du paziente horri gaixotasun larri eta sendaezin batek sufrimendu larri, kroniko eta ezgaitzaile bat eragin edo sufrimendu onartezina eragiten dionean. Holakoetan, osasun-arloko profesional baimendu batek  zuzenean eman ahal izango dio heriotza eragiteko substantzia bat, bai profesionalak berak zuzenean aplikatuz edo bai gaixoak bere kabuz har dezan.

Konortea galdu duen gaixo bati ere aplikatu ahal izango zaio, baldin eta aurretik sinatu baldin baditu horren eskaria bermatzen duen bizi-testamentua, aurretiazko borondateak edo legez onartutako balio bereko agiriren bat. Beti ere legea adinez nagusitasunera iritsitako gaixoez ari da, adin txikikoak ez dira sartzen.

Eutanasia eskubidea erabiltzeko prozesuk zenbait berme oso zehatz dauzka bere bidean. Eutanasia nahi duen pertsonak bi aldiz eskatu behar du idatziz tartean 15 utzita. Lehen eskariaren ondoren medikuak elkarrizketa prozesu bat edukiko du gaixoarekin, segurtatzeko honek ezagutzen dituela bai bere diagnostikoaren eta aukera terapeutikoen xehetasunak, eta berdin eskueran dauzkan zainketa aringarrienak. Gaixoak bigarrenez sinatu ondoren, beste behin elkarrizketatuko da berarekin medikua, zer eskatzen ari den ondo dakiela bermatzeko. Beraz, prozesu osoan hasierako dokumentutik hasita, lau aldiz berretsi beharko du gaixoak bere nahia. Eta bostgarrenez ere bai, bere kasua aztertu behar duen ebaluazio-batzordeak oneritzia eman eta gero.

Ostegunean bertan heriotza duinaren aldeko DMD-DHE elkarteak mobilizazioak burutu ditu EAEko hibiruetan.

Borondatezko heriotzara iristeko prozesuak arduradun jakinak dauzka. Hasteko, eutanasia erabiliko duen medikuak pazientea onartu behar du. Mediku honek eskatu behar dio bere iritzia gaixoaren patologiak ondo ezagutzen diten beste mediku bati; honek gainera ez du izan behar lehenengoaren mediku talde berekoa. Beste aldetik dago ebaluazio batzordea, gaiaren balorazioa egiteko bi aditu izendatuko dituena, horietako bat legelaria. Bi adituok ados baldin badaude, prozesuak aurrera darrai eta bestela, batzordearen osoko bilkuaren esku geratzen da erabakia. Bide horretan eutanasia eskaerak ezezkoa jasotzen badu, gaixoak apelazioa egin ahal izango du ebaluazio-batzordearen aurrean eta honekin ere ados ez bada auzitegietara jotzeko aukera geratzen zaio.

Prozesu osoak hastetik bukatzera 40 egun eman ditzake, gaixoak borondatezko heriotza eskatu eta medikuak hori lortzeko botika eman artean, baldin eta urrats bakoitzari markatu zaizkion epeak zorrotz betetzen badira.

Espainiako Estatuko erkidego autonomo bakoitzak edukiko du eutanasiarako ebaluazio-batzorde bana, disziplina anitzeko zazpi kidez osatuta. Estatuko batzorde guztiak urtero bilduko dira Osasun ministerioarekin, koordinatu eta irizpideak bateratzeko.

Eutanasia aplikatu ahal izango da bai osasun zentroetan (izan publiko edo pribatu) edo baita gaixoaren etxean ere. Eta prozesuaren ardura daraman medikuak aplikatuko dio gaixoari.

Medikuei legeak onartzen die ezetz esateko eskubidea: kontzientzia eragozpen hori aldez aurretik idatziz adierazita eduki beharko da.