Euskal Estatistika Erakundeak Interneten erabileraz egindako inkestaren arabera, EAEko 15 urte edo gehiagoko biztanleen %68k sarea erabiltzen du, iaz baino %2,4 gehiago.
Euskarak sarean duen erabilerak ordea ez du proportzio berean gora egin. Eustatek eskainitako datuen arabera %4,4 erori da EAEko internauten artean euskaraz dihardutenen portzentajea azken urtean. 41.000 lagun gutxiago, iazko datuarekin alderatuz gero.
Erabiltzaile kopurua gora
Nabarmen hazi da erabiltzaileen kopurua adin tarte guztietan. Gehien ibiltzen direnak 15-24 urte bitarteko gazteak dira, %98k erabiltzen du eta. Nabarmentzekoa da 55-64 urte bitarteko erabiltzaileen igoera, %6,8 puntukoa. 35-44 urtekoen artean, berriz, 4,5 puntu igo da.
Lurraldeak kontuan hartuta, Bizkaian hazi da gehien erabiltzaile kopurua: %2,7 egin du gora eta guztira biztanleriaren %67,7k nabigatzen du. Gipuzkoan ere biztanleriaren portzentaje bera ibiltzen da Interneten eta gorakada 2 puntukoa izan da. Dena den, portzentajeetan Araba da nagusi, herrialdeko biztanleriaren %69k erabiltzen baitu eta azken urtean %2,4 igo da.
IKT hornikuntzak gorantz jarraitzen du
Informazioaren eta komunikazioaren teknologien ekipamenduak hedatzen ari dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako etxeetan. 2014ko lehen hiruhilekoan, etxeen %69k ordenagailua dutela dio Eustatek.
Interneterako sarbideari dagokionez, 570.000 familiak dute zerbitzua, biztanleriaren %66,4k. Iaz baino 33.000 etxe gehiagok dute sarbidea sarera.