argia.eus
INPRIMATU
Euskoari buruzko jardunaldia Baionan, moneta Hegoaldean ezagutarazteko
  • Euskoa euskal monetari buruz informazioa emateko “Euskoaren eguna” antolatu dute Apirilaren 20an Baionan. Hego Euskal Herriko jendearen galderak erantzun nahian antolatu dute, monetaren funtzionamendua eta helburuak, proiektua abiatu aurretik eginiko urratsak eta martxan jarri duten lehen moneta bilduma aurkeztu asmoz.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko martxoaren 25
Euskoa monetaren billeteak (argazkia: eitb.com)

Urtarrilaren 31n jarri zuen martxan Euskal Moneta elkarteak Euskoa, Ipar Euskal Herrian. Guztira, bat, bi, bost, hamar eta hogei euroko 126.000 billete sortu dituzte. Bakoitzean Euskal Herriko paisaiak eta irudi kulturalak ageri dira, eta euroen balio bera dute.

70 enpresak eta elkartek baino gehiagok egin dute bat ekimenarekin, zerbitzuen, merkataritzaren eta nekazaritzaren sektoreetakoak gehienak. Ekimenean parte hartzeko, Euskal Moneta elkartean izena eman eta bost eta hogei euro artean ordaindu behar dira. Euskoekin ordaindutakoaren %3, bezeroak aldez aurretik aukeratutako elkarte bati bideratzen zaio, eta beste %2 ekimena finantzatzeko erabiltzen da.

Euskoaren egunean hainbat ekintza egingo dira Baionan. Goizeko 10etan monetaren funtzionamenduari buruzko hitzaldia izango da. Eguerdian bazkaria egingo da Auberge du Petit Bayonnen. Ostera, hitzaldiak jarraituko du eta galderetarako unea eskainiko dute. Arratsaldean Euskoaren sarean dauden zenbait komertziotatik itzulia egingo da eta bertako saltzaileekin hitz egiteko aukera egongo da. 19:00etan poteoa egingo da azkenik.

Izen-ematea nahitaezkoa eta ahal bezain azkar egitekoa da, mendi@euskalmoneta.org helbidera mezu bat bidaliz eta ondoko galdera hauei erantzunez:

-Zein talde edo egitura ordezkatzen duzuen (egituraren izena eta kokapen geografikoa, eta hitz batzuetan haren izaeraren eta lanaren aurkezpena)

-Zer jakin nahi duzue bereziki? Zuek ere tokiko moneta proiektu bat prestatzen ari zarete? Zerk interesatzen zaituzte Euskoan ?

-Zenbat pertsona izanen zarete ?

-Egun osoan egonen zarete ala goizean bakarrik ?

-Bazkarian parte hartuko duzue?