argia.eus
INPRIMATU
Euskoaren 10. urteurrena ospatuko dute larunbatean Ezpeletan
  • Europako tokiko monetarik handiena bilakatu da Euskoa 10 urtetako ibilbidean. "Elkartasuna sustatu eta lurraldea pentsatzeko boterea berreskuratzeko" tresna izatea da Euskal Monetaren asmoa.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko apirilaren 14a
3,5 milioi eusko baino gehiago daude, 1.300 profesionalek eta 4.000 partikularrek erabiltzen dute. Argazkia: Euskoa.

Euskoak hamar urte bete ditu eta larunbatean Eusko Eguna ospatuko dute, Ezpeletan. Euskoa garatzen laguntzeko interesa duten edo egitasmoan lagundu duten pertsona guztiak elkartzeko parada izango da urteurren hau. 

Larunbatean egun eta gau osoan jende asko elkartzea espero dute, ondoko programazioari esker: hitzaldiak, ekoizle eta sortzaileen merkatua, laborarien produktuekin ondutako bazkaria, haurrentzako animazioak, dantzaldiak, herri jokoak eta kontzertuak, Mouss et Hakim (Zebda), Willis Drummond eta Le Bal du Samedi Soir taldeekin.

Euskoak azpimarratu du moneta soil bat baino gehiago dela, elkartasunerako eta biharko lurraldea pentsatzeko boterea berreskuratzeko baliabidea ere badela.

Euskal Herriko tokiko moneta Europako handiena da

Euskoa Euskal Moneta erakundeak sustatutako tokiko dirua da eta nagusiki Ipar Euskal Herrian erabiltzen da. Egitasmoa 2013ko urtarrilaren 31an jaio zen, Euskal Moneta Ekologiko eta Solidarioa Sortzeko Elkartearen eskutik. Gaur egun, Europako tokiko monetarik zabalduena da; 3,5 milioi eusko baino gehiago darabiltzate eskutik eskura, eta 1.300 profesionalek eta 4.000 partikularrek erabiltzen dute.

Hamarnaka boluntarioren laguntzari, proiektuan osoki parte hartzen duen soldatapeko langile taldearen engaiamenduari, eta, batez ere, erabiltzaileen mobilizazioari esker etengabeko handitze hori gertatu dela diote sustatzaileek.

Eusko erabiltzea tokiko eragile ekonomikoak sostengatzea dela dio Euskoak. Lehentasunezko lau ardatz ditu: partikularren sarea garatzea, profesionalen arteko zirkulazioa arintzea, egitura sendotzea eta proiektuaren aldeko segurtasun neurriak hartzea, eta elkargoen artean Euskoaren erabilera desblokeatzea.