Euskal Moneta elkarteak Euskopay aurkeztu zuen larunbatean, mugikorrarekin euskoz ordaintzeko aplikazioa. Astelehenean Ipar Euskal Herrian turismo jasangarria sustatzeko kanpaina eman du ezagutzera.
Larunbatean egin du Euskal Moneta elkarteak urteroko biltzar nagusia, eta bertan aurkeztu du Euskopay aplikazioa. Mugikorra erabilita, saltzailearen kutxan QR kodea eskaneatuta ordainketak eusko monetaz egiteko aukera ematen du Euskopayk. Momentuz 100 saltokitan erabil daiteke, baina urte amaierarako 600 izatea da helburua. Larunbateko bileran, “Euskal Herri ekologikoago, euskaldunago eta solidarioago” bat eraikitzen jarraitzeko asmoa berretsi zuen 2013an sortutako elkarteak.
“Bakantzak euskoz”
Astelehen goizean ekimen berri bat ezagutarazi du elkarteak. Baionako turismo bulegoan aurkeztu du “Bakantzak euskoz” iniziatiba. Euskoa erabiltzen duten saltoki eta ekoizleak oinarri hartuta, Ipar Euskal Herrian turismoa egiteko zazpi ibilbide ematen ditu aukeran. “BakantzakEuskoz-en bidez Euskal Herria (ber)ezagutzea proposatzen dizugu, Euskoren bidez trantsizio ekologikoan, tokiko ekonomiaren alde eta euskararen biziarazteko engaiatuak diren ekoizle, aisialdi profesional, saltzaile eta artisauengana” hurbilduz, azaldu dute. Webgune bat jarri dute martxan ekimena ezagutzera emateko.
Eta bakantzak euskoz pasatzen bazenitu? Eusko, Euskal herriko monetak, egundanik turismo parte hartzaile operazio berri bat plantan emaiten du: https://t.co/HPUFtT71kO [1/4] pic.twitter.com/4yQNP6Ps6j
— Eusko (@EuskalMoneta) July 6, 2020