Eusko batekoa, bikoa, bostekoa, hamarrekoa eta hogeikoa izango dira erabilgarri urtarrilaren 31tik aurrera Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Billeteetan hainbat herritako irudiak agertzen dira, baita euskal kulturaren adierazleak ere, hala nola, dantzariak eta txalapartariak.
Argazkigilea Bob Edme izan da, grafismoaz Ramuntxo Partarrieu arduratu da eta Marcos inprimategiak jaulkiko ditu billeteak. Urtarrilaren 31rako 22.000 eusko inprimatuko dituzte eta orotara 126.000 eusko inprimatzera iritsi nahi dute. Euskoak dituzten saltokietan “Hemen euskoa erabiltzen dugu” itsasgarria erakutsiko dute. Itsasgarriek saltzailearen euskara maila ere adieraziko dute.
Euskal Monetaren Elkarteak 300 bazkide dauzka eta 73 denda eta elkartek eman du atxikimendua. Euskoa sortu duten eragileek hiru helburu dituzte proiektu honekin: tokiko garapen ekonomikoa bultzatzea, ingurumena babestea eta euskararen alde egitea.
Ondoren atzo Baionan egindako aurkezpeneko bideoa:
Irakurri Euskoari buruzko informazio gehiago ARGIAk 2350. zenbakian (2012-12-23) argitaratutako artikuluan.