argia.eus
INPRIMATU
Eusko moneta sustatzen duten elkarteek beren eguna dute larunbatean Donapaleun
  • Urriaren 10ean, larunbatarekin, Donapaleun beren festa eguna egingo dute Eusko euskal moneta ekologiko eta solidarioa sustatzen duten elkarteek. Antolatzaileek aurreratu dutenez, lekuko moneta horren martxak sortzen dituen 30.000 eusko baino gehiago banatuko dizkiete Ipar Euskal Herriko 60 bat elkarteri. Donapaleuko karriketan elkarte horien erakustokiak eta euskotan funtzionatzen duten ekoizleen merkatua izango dira.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 08a

2013an sortu eta zabaldu zuten Eusko lekuko euskal moneta ekologiko eta solidarioa, alor horretan Europan arrakastaz funtzionatzen ari ziren beste monetak eredutzat hartu eta Ipar Euskal Herrira egokituta. Sortzaileek orduan deklaratu zutenez, moneta berriaren helburu nagusia "tokiko ekonomia garatzea eta berriz inbertitzea da. Halaber, tokiko enpresen arteko harremanak lantzea dugu xede, enpresen arteko sare bat sortzea ekonomia azkartzeko. Elkarteak baditu beste helburu batzuk, guretzat garrantzi bera dutenak: euskararen erabilpena sustatzea bizi-publikoan eta ingurumenaren gaia era praktikoan bizitzea. Beraz, sarean sartzen diren enpresei gai horietan engaiatzea galde egiten diegu". Eusko bakoitzak Euro baten balioa du.

Geroztik, zazpi urteotan Euskoa kudeatzen duen elkarteak dioenez, 2020ko urte hastapenean milioi bat eta erdi eusko baino gehiago zeuden zirkulazioan hauen eskuetan banatuta: 3.800 kide partikular, 1.000 profesional, 22 herri, gehi monetarekiko daukan atxikimendua publikoki aitortzen duen Euskal Hirigune Elkargoa. Eusko elkartek harro aldarrikatzen duenez, "Euskoa da Europako tokiko moneta nagusia da, Alemaniako Chiemgauer eta Ingalaterrako Bristol Pound moneten aitzinean".

Sortu zenetik, Euskoz egindako erosketen %3a dohaintza moduan banatzen zaie Iparraldeko hainbat elkarteri; azken zazpi urteotan, 100.000 eusko baino gehiago. Urriaren 10ean Donapaleuko festan 30.000 Euskoren dohaintza egingo zaie ingurumena, euskara, elkartasuna, hezkuntza, laborantza herrikoia, kultura eta kirola sustatzen dituzten 60 elkarteri.

Donapaleuko festan, pandemia garaiotan jendeen segurtasuna delakoan lehentasun, COVID-19aren kudeaketak eskatzen duen protokoloa zehatz beteko dutela agindu dute antolatzaileek: musukoa janztea derrigorrezkoa izango da, jendeen arteko tarteak zainduko dira, ibilbidean jendeak ez nahasteko norabideak markatuta egongo dira eta abar. Babes neurriak zaintzearekin batera, antolatzaileek jendea berotu nahi dute etxetik irten dadin: "Legeak inposatzen dituen debekuetatik harago, gaur egungo osasun testuingurua arranguratsua da, eta etxean egoiteko gogoa emaiten du. Beraz, dinamika ainitz arriskuan dira, kultura bizia, elkarte bizia, jendarte loturak… Errazagoa izanen zen ekitaldi honen ezeztatzea, baina mantentzea erabaki dugu. Egokituz, noski, parte hartzaileen sekuritatea segurtatzeko, baina oraindik garrantzitsuagoa iruditzen zitzaigun gaur egungo egoera dela eta, Euskoaren proiektuaren funtsa segitzea, hau da elkartzea, elgarrekin egitea eta tokiko dinamiken sustengatzea!"