argia.eus
INPRIMATU
Apirilaren 21ean izango dira Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak?
  • Beraien ustez data zein izango den esan du Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiak: apirilaren 21a. Hala balitz, Legebiltzarra otsailaren 27an desegin beharko luke Urkulluk.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko urtarrilaren 17a

Iñigo Urkullu lehendakariak oraindik ez du jakinarazi noiz egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, baina dagoeneko oposizioak azaldu ditu bere usteak. EH Bilduko lehendakarigai Pello Otxandianok, Euskadi Irratiko Faktoria saioan, ziurtzat jo du apirilean izango direla, eta data ematera ausartu da: "Data zehatza ez dakigu, baina apirilaren 21a izan daiteke segur aski". Hori esanda, Urkulluri zuzendu zaio eguna argitzea eskatuz. "Ez dago bestelako arrazoirik data ja ez jakiteko", gehitu du.

Imanol Pradales EAJren lehendakarigaia urtarrilaren 27an aurkeztuko dute jeltzaleek, eta beraz, baliteke data horren bueltan ezagutaraztea hauteskundeen data.

Hala ere, Legebiltzarra desegitea beranduago etor daiteke. Izan ere, hauteskundeak apirilaren 21ean egiteko, Urkulluk dekretua otsailaren 27an argitaratu beharko luke, araudiaren arabera 54 egun pasa behar direlako. Aldiz, demagun Pradales aurkeztu ondoren publikatzen duela dekretua; horrela, martxoaren 24an lirateke.

Otxandianok esandakoak izan dezake zentzua; batetik, Urkulluk berak sarri apirilaz hitz egin duelako, eta bestetik, egutegiak bere mugak dituelako: apirileko lehen igandea Pazko Astean da, eta
azken igandea San Prudentzio jaieguna Gasteizen. Hauteskundeak apirilaren 14an balira, berriz, kanpaina Aste Santuaren erdi-erdian abiatuko litzateke; 21ean izanda, Pazko Astea amaitu berritan.

Proiektuak gauzatzeke

Hauteskundeetarako "bi edo hiru hilabete" falta direla esan zuen atzo Andoni Ortuzar EBBko presidenteak Espainiako Telebistan. Legegintzaldia "ongi" amaitzeko, lau lege proiektu onartzea gustatuko litzaioke EAJri.

Bestalde, EAJ eta PSOEren arteko akordioan hainbat eskumenen transferentziak ere barnebiltzen dira, besteak beste migrazio gaietakoa. Espainiako Gobernuak urrats horiek ematea garrantzitsua litzateke EAJrekin etorkizunean akordioak egiten jarraitzeko.