argia.eus
INPRIMATU
Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren legea adostu dute EAJ, EH Bildu eta PSEk
  • EAJ, EH Bildu eta PSE-ren babesarekin atera da aurrera. Erregai fosilen desinbertsiorako plan bat gauzatu beharko du Jaurlaritzak. Helburu nagusia 2050rako EAEn karbono emisioak zerora murriztea da.

Ainara Rodil Jaime 2024ko otsailaren 08a

EAJ, PSE-EE eta EH Bildu alderdiek Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legearen edukiaren inguruan akordioa lortu ondoren, legea onartu du Eusko Legebiltzarrak.

Aipatu hiru alderdiek alde bozkatu dute, eta legeak aurrera egin du babes horrekin (75 legebiltzarkideetatik 62ren babesarekin). Elkarrekin Podemos-IU, PP, Vox eta Ciudadanos-ek kontra bozkatu dute.

Legearen helburu nagusia 2050rako EAEn karbono emisioak zerora murriztea da, eta neurri zehatzak jarri ditu legeak. Honako hauek:

-  2030erako EAEn ekoizten den energia guztiaren % 32 berriztagarrien bidez ekoitzi beharko da. 

-  EAEn energia berriztagarrien instalazioak (eguzki parkeak zein eolikoak) jartzen dituzten enpresek kanon bat ordaindu beharko dute inguruan egindako kaltea konpentsatzeko.

-  Eusko Jaurlaritzak baliabide fosilen desinbertsiorako bide orri bat zehaztu eta gauzatu beharko du 2030erako.

-  Klima Aldaketaren Euskal Bulegoa eta batzorde zientifiko bat sortuko dira.

2030erako, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekoizten den energiaren %32 berriztagarria izatea, eta, epe berean, emisio kutsagarriak %45 murriztea dira xedeak. Gainera, Energia berriztagarrien instalazio handiek jabetzaren %20 eskaini beharko diete eraginpeko herritarrei.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak goizean egindako agerraldian eskerrak eman dizkie onartu duten taldeei, “egindako ahaleginagatik”. “Anbizio handiko legea da, baina aldi berean, errealista”, adierazi du Tapiak.

Mikel Otero, EH Bilduko legebiltzarkide eta trantsizio ekologikorako idazkariak adierazi du beraiek ez daudela ehuneko ehunean konforme, beraien ustetan konkrezio maila altuagoa nahi zuten, baina lortutakoari begira beraien arrastoa aurkitu daitekeela elementu askotan.

EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk lege berria defendatu dute, eta horrekin batera betetzeko konpromisoa hartu dute. Gainontzeko alderdiak, oso kritiko jarri dira. Elkarrekin Podemos-IUrentzat anbizio gutxiko legea da, eta PP eta VOXek uste dute helburu horiek ezin direla bete.

Kanpoan "fartsa" salatu dute

Euskal Herria Bizirik sareak elkarretaratzea egin du Eusko Legebiltzarraren atarian, barruan Trantsizio Energetiko eta Klima Aldaketaren Legea onartzen zuten bitartean. "Fartsa" deitu dio Eusko Legebiltzarrak onartu berri duen legeari, zera argudiatuta: "Lege honek, teorian deskarbonizazio prozesua aurrera eraman ahal izateko baldintzak sortzea du helburu, hau da behintzat alderdi politikoen ahotan dagoena. Baina arretaz irakurriz gero, nabarmena da zer den lege honek ezkutatzen duena: energia berriztagarrien industriaren hedapen ahalik eta masiboena ematea, modu honetan hazkuntza ekonomikoari bultzada handi bat emateko".