argia.eus
INPRIMATU
Bildarratz, Goioaga eta Rodriguez izango dira EAEko senatariak
  • Eusko Legebiltzarrak hautatu ditu Espainiako Senatuan Euskal Autonomia Erkidegoa ordezkatuko duten hiru kideak. Aurreikusitakoa bete egin da: Iñaki Goioaga abokatua (EH Bilduk proposatua), Jokin Bildarratz (EAJ) eta Tontxu Rodriguez (PSE-EE) izendatu dituzte. EH Bilduk Goioaga proposatu izana kritikatu egin du hainbat alderdik, ETArekin lotura duelakoan.

ARGIA @argia 2013ko urtarrilaren 24a
Bildarratz, Goioaga eta Rodriguez (Argazkia: Eitb.com)

Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskal nagusi Javier Zaragozak ETAko kide izatea leporatu dio Iñaki Goioaga euskal presoen abokatuari, Jose Miguel Latasa ETAko kide ohiak Arabatik blogean idatzitako testu batean oinarrituta.

Latasak dio Goioagak mugitzen zituela presoen eta ETAren arteko hariak. ETAren komisario politikoa izatetik Espainiako senatari izatera du izena artikuluak. Goioaga iazko urrian epaitu zuten, ETAko kide izatea leporatuta, eta absolbitu egin zuten.

Hiru senatariak aukeratzeaz gain, bakearen eta elkarbizitzaren, indarkeriaren eta Espainiako Gobernuak onartutako hezkuntz erreformaren inguruko egitasmoak eztabaidatuko dituzte gaur, besteren artean.