argia.eus
INPRIMATU
Errenta soziala mugatzeko Marotoren ekimena Eusko Legebiltzarrean ito da
  • Diru-sarrerak bermatzeko errenta (DBE) eskuratzeko baldintzak zailtzea xede duen herri-ekimen legegileak Eusko Legebiltzarraren ezezkoa jaso du, kontrako 65 boto eta aldeko 10ekin.

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2015eko urriaren 02a
Ekinbidearen kontra agertu diren taldeek azpimarratu dutenez, proposamena legebiltzarrera “Laguntza Justuagoak” plataformak eraman izanagatik ere, PP eta Maroto dira beronen sortzaile eta sustatzaile nagusiak.

Horrenbestez, Gasteizko alkate ohi Javier Marotok sustatu eta Laguntza Justuagoak izeneko plataformak bideraturiko ekinbideak ez du aurrera egiterik lortu. Azken hau Marotok DBEa aldatzeko egiten duen bigarren saiakera da (lehenengoa zuzenean legebiltzarreko ohiko tramite bidez egiten saiatu zen), baina hau ere erdibidean gelditu da.  Aipatu plataformak oinarrizko laguntzak gogortzearen aldeko 37.000 sinadura biltzea lortu zuen; aitzitik, atzo Legebiltzarrak irmotasunez arbuiatu zuen, PP ez beste alderdi guztiek aurkako botoa emanda.

Ekinbidearen kontra agertu diren taldeek azpimarratu dutenez, proposamena legebiltzarrera “Laguntza Justuagoak” plataformak eraman izanagatik ere, PP eta Maroto dira beronen sortzaile eta sustatzaile nagusiak. Gogorarazi dutenez, “herritarrak manipulatu” eta PPren aldeko botoak eskuratzea zen ekimenaren helburua.

Izan ere, oroitu behar da sinadura bilketa udal-hauteskundeen aurreko hilabeteetan egin zela, hain zuzen ere Marotok gizarte laguntzen onuradunen "gehiegikeriak" salatzeko kanpaina egin, eta horretaz profitatuz, boto ugari lortu zituenean.

Marotoren ekinbideari buruzko informazio gehiago, Marotoren xenofobia kanalean.