Eusko Legebiltzarrak, beste behin ere, “Euskal Herriak subjektu politikoa” eratzen duela onartu du, EAJ eta EH Bilduk alde bozkatuta. Gainera, bi alderdi hauek salatu dutenez, Gernikako Estatutua ez betetzeak ondorio ezkorrak ekarri ditu ekonomia zein gizarte arloan.
PSE-EEk aurkezturiko Euskadiren eskumenen defentsari buruz legez besteko proposamenari erdibideko zuzenketa egin diote bi talde parlamentario abertzaleek, eta gainontzeko alderdiek aurka bozkatu izanagatik ere, aurrera atera da. Hiru puntukoa da onartu den idatzia: lehen biak EAJk aurkeztu ditu, 1979 eta 2004ko estatutuen inguruan, eta hirugarrenak, Bilduk idatziak, subjektu politikoa eta erabakitzeko eskubidea jorratzen ditu.
Lehen puntuan azaltzen denez, Gernikako Estatutua oraindik bete gabe dago, eta horrek, EAJ zein Bilduren aburuz, “jada Gernikako Estatutua sortzea ahalbidetu zuen adostasunik ez dagoela” esan nahi du. 2004ko estatutua du mintzagai, bestalde, bigarren puntuak. “Ibarretxe Plana” deritzonak Eusko Legebiltzarraren onarpena jaso zuen, baina ondoren, 2005ean eginiko bilkuran, Espainiako Kongresuak atzera bota zuen.
Azken puntuak jasotzen du Euskal Herriak “subjektu politiko bat” eratzen duela, eta subjektu honek “bere etorkizuna erabakitzeko eta bere borondatea errespetatua izateko eskubidea” duela. EH Bilduk EAJk puntu hau babestu izana adierazgarritzat jo du, azkenaldian jeltzaleek hartutako jarreratik “nahiko urruti” dagoela esanez.