argia.eus
INPRIMATU
Eusko Legebiltzarrak bat egin du larunbateko Bilboko manifestazioarekin
  • Euskalgintzaren Kontseiluak eta beste eragile ugarik datorren larunbatean Bilbon deituriko manifestazioarekin bat egin du Gasteizko Legebiltzarrak EH Bildu eta EAJren sostenguarekin.

ARGIA @argia 2023ko azaroaren 02a

EH Bilduk eraman du mozioa Eusko Legebiltzarrera, eta EAJk egindako zuzenketekin onartu da azaroaren 4ko manifestazioa sostengatzeko testua. Funtsean, agerraldiarekin bat egiteaz gain, testuak kritikatzen du botere judizialetik azken urteetan euskararen erabilera murrizteko hartu dituzten epaiak, bereziki udal jardunaren eremuan. Horregatik, besteak beste, udalek azken 40 urtetan hizkuntza kontuetan herritarrarekiko erakutsi duten gertutasunarekin aurrera jarraitzera animatu ditu legebiltzarrak.

Euskararen gaian zaharrak berri, eta ez da mugimendu handirik sumatu eztabaidetan: EH Bilduk eta EAJk defendatu dute inor ez dela derrigortzen euskaraz aritzera udaletan edo bestelako erakundeetan, baina hala nahi duen herritarrari euskaraz jarduteko eskubidea bermatu behar zaiola.

PSOEk lan eremura jo du euskararen garapena eta enplegu duina lotuz eta, besteak beste sindikatu batzuek jartzen dituzten helegiteei erreferentzia eginez, langileek euren lanpostuak defenditzeko eskubidea aldarrikatu du. Argi utzi du “ez dutela inposaketarik onartuko”, eta epaileek legea interpretatu besterik ez dutela egin. Aurka bozkatu du.

Elkarrekin Podemos-IUk ere langileen eskubideen alorrera jo du eta azpimarratu du horiek ez dutela ordaindu behar Jaurlaritzak ez bermatzea euskara ikastea. Abstenitu egin da. Eta tramitazio bidean den hezkuntza legea jarri du horren adibide gisa, lege horretarako prestatu diren hizkuntza ereduek ez dutelako bermatuko ikasleak euskaldun aterarako direla. Euskara gatazkatik atera behar dela ere zehaztu du.

Eskuinak eta eskuin muturrak –PP, Vox eta Ciudadanosek– epaileen aurkako erasoak eta euskararen inposizioa amaitzeko eskatu dute.