argia.eus
INPRIMATU
Eusko Legebiltzarrak atzera bota du herri ekimenez proposatutako oinarrizko errentari buruzko eztabaida
  • Iazko otsailean ekinda, Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentaren aldeko herri ekinaldi legegileak 22.075 sinadura lortu zituen proposamena legebiltzarrera eramateko. Ostegun honetan eztabaidatu zuten proposamena legebiltzarrean eta EAJ, PSE, PP eta Vox-en botoekin atzera bota zuten: 47 boto aurka eta 26 alde.

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko maiatzaren 06a
Argazkia: Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta ekimena

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek (EP-IU), ostera, lege proposamenari bide ematearen alde egin zuten, bai herri ekimeneko legeei hauspoa emateagatik eta baita pobreziaren aurkako politika berriei bideak irekitzeko ere.

Herri ekinaldi legegileak landutako proposamenaren arabera, EAEko herritar guztiek baldintzarik gabeko oinarrizko diru sarrera bat jasoko lukete: 900 euro hileko 18 urtetik gorakoek, 450 euro 4 eta 18 urte artekoek, eta 270 euro 4 urtetik beherakoek. Dirulaguntza horiek eskubide gisa aitortuko lirateke eta herritar guztiek jasoko lituzkete, izan txiro edo aberats.

Herri ekimeneko proposamena landu dutenen helburua gero eta handiagoa den pobreziari beste politika molde batez erantzutea da, herritar guztiek duintasunez bizitzeko gutxieneko bitartekoak izan ditzaten. Oinarrizko errenta unibertsal gisa ere ezagutzen da proposamena eta gero eta zabalkunde handiagoa izaten ari da mundu osoan, eta gaur egun, bereziki, Europako testuinguruan.

Jaurlaritzak egungo bidean sakondu nahi du

Eusko Jaurlaritzak eta EAJk iragarria zuten ez ziotela biderik emango ekimenari, haien ustez gaur egungo Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) sistemaren bidez egin dakiekeelako aurre pobrezia eta bazterketari. Aurka agertu ziren gainerako taldeek ere ildo beretik argudiatu zuten haien ezetza.

Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk, funtsean, eztabaidari ateak irekitzeko aukera moduan ikusi dute proposamena, batez ere pobreziaren aurkako politika berrietan arakatzeko bide gisa. Estatu mailan, Podemosek 2014ko hauteskunde kanpainan bere programan sartu zuen baldintzarik gabeko oinarrizko errentaren proposamena, baina ez Espainiako Gobernura eraman duen azken hauteskunde programan.

Oro har, ezkerreko alderdi handienek oraindik ez dute beren programetan eskaintzen errenta molde berri honen proposamena, besteak beste ez dutelako guztiz argi egokiena den eta bideragarria ote den, baina oro har, oinarrizko errenta unibertsalaren aldeko diskurtsoa espazioa irabazten ari da ezkerreko alderdi eta gizarte eragileetan, eta bidea zabaltzen ari da eskuinekoen artean ere, oso molde ezberdineko ikuspegiarekin bada ere.

Balorazio gazi-gozoa

Ekimena bultzatu duten herritarren esanetan legebiltzarrean atzo "aukera historiko bat galdu zen", eta proposamena eztabaidarako aintzat hartu ez zelako haserre agertu baziren ere, pozik azaldu ziren haren gizarteratzean beste urrats bat eman delako: "Gaur, atzo baino hurbilago gaude Euskadin Oinarrizko Errenta Baldintzagaberako eskubidea izan dezagun lortzetik: ILEaren prozesuak aukera eman digu RBIaren proposamena dozenaka mila pertsonari helarazteko; hainbat eta hainbat erakunde sozial eta sindikalekin harremanetan jarri gara, eta haiekin partekatu dugu RBIa bezalako tresna baten ideia".

Katalunian oinarrizko errenta unibertsalaren esperientzia pilotua egiten ari direla gogorarazi dute ekimenaren bultzatzaileek, eta lehenago edo beranduago, hemen ere lortuko dutela diote. Ondorengo elkarrizketan, Sergi Raventosek esperientzia horri buruzko balorazio sakonagoa eskaintzen du.

EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi, halaber, esker ona adierazi diete ekimena eztabaidatzearen alde agertu direlako. Europar Batasunean ere horrelako sinadura bilketa bat bultzaren ari dira eta EAJri leporatu diote han eztabaidari ekiteko alde egin duela eta hemen atea itxi.