argia.eus
INPRIMATU
Eusko Legebiltzarra inguratu dute “benetako burujabetza” aldarrikatzeko
  • Ehun mugimenduak deituta dozenaka lagun bildu da Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren inguruan, koloretako kea zabaldu eta euskal errepublikaren alde egiteko.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 22a
Dozenaka lagunek inguratu dute EAEko parlamentua Gasteizen (arg.: Ehun mugimendua)

Legebiltzar barruan osoko bilkura ospatzen ari zirela, ostegun eguerdiko 12:00etan makina bat lagun bildu da eraikinaren atarian eta distantziak mantenduz inguratu egin dute koloretako kea zabaltzen zuten bitartean. Beste batzuek Felipe VI Espainiako Erregearen irudia hankaz gora jarri dute eta musikarekin girotu dute momentua. Ekintza ikusgarri horrekin Gernikako Autonomia Estatutuak "eman zezakeen guztia" eman duela aldarrikatu dute. Hain justu laster beteko dira 41 urte estatutu hori onartu zela.

Ehun euskal errepublikaren aldeko mugimenduak antolatu du mobilizazioa eta bere bozeramaile Unai Apaolaza eta Ainhoa Gutierrezek hitz egin dute Eusko Legebiltzar atarian. Euren esanetan halako estatutuek eta marko autonomiko espainiarrak etorkizun "ilunago bat" baino ez dute eskaintzen eta burujabetzarako "giltzarrapo" bat dira: "Horregatik, gaur eta hemen, benetako burujabetza behar dugu", aldarrikatu dute.

Apaolazak azaldu duenez, soilik burujabetza horren bidez lortuko da etorkizunean bizi baldintzak hobetzea eta horretarako ezinbesteko erreminta Euskal Errepublika da bere ustez: "Errepublika propio bat da krisiak gure bizitzetatik erausteko tresna".