argia.eus
INPRIMATU
Eusko Legebiltzarra Garoñaren berrirekiera galarazten saia dadin nahi du EH Bilduk
  • Garoñako zentral nuklearra berriz irekitzeari Espainiako Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak (CSN) emandako onespenaren aurka helegitea aurkez dezala eskatu dio EH Bilduk Eusko Legebiltzarrari. Mikel Otero legebiltzarkideak koalizioaren izenean azaldu duenez, Legebiltzarreko zerbitzu juridikoek auzia aztertu –EH Bilduren beraren eskariz– eta ebatzi dute CSNren erabakiaren kontrako bide judiziala hartzeko aukera badagoela.

ARGIA @argia 2017ko martxoaren 14a
Garoña behin betiko ixteko eskatuko du manifestazio batek martxoaren 18an Gasteizen. (Arg.: Raul Bogajo / Argazki Press)

Oterok gogorarazi duenez, epaitegi batek CSNren ebazpena bertan behera utziko balu Espainiako Gobernuak ezingo luke baimenik eman Garoña berriz martxan jartzeko. EH Bilduk helegitea jartzeko eskaria egin dio Legebiltzarreko Mahaiari, eta presazko legez besteko proposamen bat aurkezteko asmoa agertu du, erabakia Osoko Bilkurak har dezan.

Bestalde, CSNk Garoñari emandako onespena nazioarteko legediarekin bateragarria ote den zalantza agertu du Oterok, eta bide hori ere aztertzen ari direla gaineratu du.

Azkenik, martxoaren 18an, larunbatean, Gasteizen egingo den manifestazioarekin bat egin du EH Bilduk. Araba Garoñarik Gabe taldeak deituta, zentrala behin betiko itxi dezaten eskatuko du manifestazioak.