Eusko Legebiltzarrak onartutako Fracking Ez legeari helegitea jarri dio Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalean. Fracking ez plataformak horren arriskuez ohartarazi du.
Francking ez taldeak “herri borondatearen eta subiranotasunaren iruzurtzat” jo du helegitea. 100.000 sinadura baino gehiagoren babesa izan zuen Herri Ekimen Legegilea du oinarri Fracking-aren aurkako legeak, eta Eusko Legebiltzarraren gehiengoak babestu zuen, elkarteak adierazi duenez.
Espainiako Gobernuaren helegitea Konstituzionalak tramitera onartzen badu, bertan behera utz dezake behin behinean. “Horrek bidea irekiko lioke frackingari Gipuzkoa, Bizkai eta Araban”, ohartarazi du Frackingaren aurkako taldeak. Aitzitik, hurrengo hilabeteetan epaitegiak erabakirik hartu ezean, berriz ere indarrean jarriko litzateke.
Gauzak horrela, “ekintza plan bat” eskatu dio frackingaren aurkako taldeak Eusko Jaurlaritzari: “Hidrocarburos de Euskadiri eskatu behar dio dituen proiektuak bertan behera uzteko, baimen horiek mantentzea eta onartutako legea bateraezinak dira-eta”.
Era berean, “koherentzia” eskatu diote EAJri: “Ehunka proiektu eta enpresa atzera egiten ari dira, eta erabat tamalgarria da zulatzaileen esperantza bakarra momentu honetan Eusko Jaurlaritzak SHESAri ematen dion finantzazio publikoa izatea”.