argia.eus
INPRIMATU
Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluan protesta egingo du Satorralaiak
  • Eusko Jaurlaritzak Gobernu Kontseilua egingo du Miramar jauregian ostegunean, abuztuaren 29an. Hori dela eta, Satorralaia bizilagunen mugimenduak “Metroaren aurkako oposizioa adierazteko” martxa deitu du egun horretarako, Arantxa, tapia el metro, eta kitto! lelopean. Mobilizazioa Kontxako erlojuetatik abiatuko da, 10:30ean.

Irutxuloko Hitza @irutxulo Irati Salsamendi Lozano 2019ko abuztuaren 27a
Donostiak metrorik behar ez duela aldarrikatzeko mobilizaziooa

Era berean, bizilagunen plataformak kritikatu du joan den uztailean Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluan onartutako Larrialdi Klimatikoari buruzko Adierazpen Instituzionala “propagandazkoa eta hipokresiazkoa” dela. Iñigo Urkullu Lehendakariak eman zuen atxikimenduaren berri, Eusko Jaurlaritzako sailburuak ondoan zituela, eta nabarmendu zuen “klima aldaketaren aurkako borroka mundu-erronka” dela. “Guztiz sinetsita gaude Euskadik erronka hori gida dezakeela, eta klimatikoki neutroa izango den ekonomia lehiakorrago baterako transformazio-palanka bihur dezakeela erronka hori” eman zuen aditzera.

Satorralaiakoen ustez Jaurlaritzak larrialdi ekologiko egoera dekretatu du, baina, aldiz, Metroa, AHTa eta erraustegiaren gisako azpiegiturak ditu martxan. Gainera, hazkunde ekonomikoari Jaurlaritzak eskaintzen dion lehentasuna “nabaria” dela adierazi dute, eta horrek planeta salbatu beharrean, “gizarte industrial kapitalista” salbatuko duela salatu dute.

Bizilagunen plataformak gogorarazi du Metroaren proiektua “zeharo behargabekoa” eta “herritarren inolako parte hartzerik gabe inposatutako azpiegitura” dela. Azpimarratu dute hori geldiarazteko arrazoi ugari daudela. Alde batetik, ohartarazi dute metro bat eraikitzeko egitasmoak ez duela justifikaziorik hiriko mugikortasunaren hobekuntzari begira. Bestetik, azpiegitura horrek sustatzen duen hiri eredua auzitan jarri dute Satorralaiakoek: “Erdialdea eta Kontxako zonalde komertzial eta turistikoaren ingurura proiektu hori eramateak Donostian nozitzen ditugun hiriaren merkantilizazioa, turistifikazioa eta espekulazioa are gehiago sutatuko ditu”.