argia.eus
INPRIMATU
Eusko Jaurlaritzan gezurra ari du (etengabe)

JJ Agirre 2020ko ekainaren 25

Gobernuak, “langile publikoek alarma egoera bukatuta ere telelanean jarraitu ahal izatea adostu” duela iragarri du ekainaren 19an. Ez da egia baina. 

Jaurlaritzak CCOO eta UGTrekin (gutxiengo sindikalarekin) adostu dituen neurriek ez diete eragiten “langile publikoei”, bere eragin zuzenpeko langile publikoen proportzio urri bati baizik. Telelanean aritzeko luzapenak kanpo uzten ditu Eusko Jaurlaritzaren ardura zuzenpeko herri-langileen %98 inguru.

Plantillako 80.000 langile baino gehiagok dihardugu Eusko Jaurlaritzaren aginduetara (milaka eta milaka langile azpikontratatuak zenbatu barik). Horietatik 7.300 langile inguru gara Administrazio Orokorreko plantillako langileak. Bada, azken hauen arteko laurden bati, asko jota, eragiten diete gutxiengoan adostutako neurriek; ondokoei hain zuzen: COVID-19aren krisiaren ondorioz bereziki “zaurgarritzat” sailkatutako langileei, 14 urtez beherako haurren zaintzaz arduratu behar direnei, menpekotasuna duten adinekoen zaintzaz arduratu behar direnei, eta Telelanean jarduteko baimena zeukaten 202 langileri. Kito.

"Krisialdi betean, EAEko Administrazio Orokorreko Alorreko Mahaian ordezkaritza daukagun sindikatu guztiok (ELA, LAB, CCOO eta UGT), Zearretari idatzi publikoa helarazi baikenion, gezurrak esateari uzteko exijituz"

Hortaz, honakoa litzateke goiburu zuzena: “Jaurlaritzak, bere langile publikoen %2 baino gutxiagori eman die telelanean jardunez zaintza-lanak eta lan jarduna kontziliatzeko aukera”.

Bestalde, Zearreta sailburuordeak dioenez “Egoera honetan ez dago zentral sindikal batzuen jarrera ulertzerik. … administrazioak ahalik eta zerbitzurik onena eskaini behar du… Guk lanean jarraituko dugu, administrazioa herritarrengandik hurbil egon dadin beti, egoera horretan laguntzen. Konpromiso bera eskatzen diegu Mahai Sektorialean ordezkaritza duten zentral sindikal guztiei…”

Ohituta bezain gogaituta gaude Gobernantza Saileko buruen irtenaldiekin. Gobernantza Sailak, Eusko Jaurlaritzak, ezikusiarena egin digu sindikatuei (guztiei) eta langileoi krisi hau hasi zenetik (eta lehenagotik ere). Ez du gurekin bildu nahi izan. ELAko zerbitzu publikoetako idazkari nagusiak bi gutun igorri dizkio Andres Zearretari egoera gogor honetan elkarlanerako gonbita luzatuz eta Funtzio Publikoko Mahai Orokorreko deialdia egin dezan eskatuz. Sailburuordeak, ordea ez die erantzunik ere eman gonbitei eta ez du Funtzio Publikoko Mahai Orokorreko deialdirik egin ( Nafarroakoa behintzat, birritan bildu da ). Ez digu informaziorik eman. Ez die gure proposamenei erantzun ere egin… Eta azken minutuan deitu gaitu bilera askoz mugatuago batera ( mahai sektorialera) , gizartearen aurrean bere jarrera zurruna eta kudeaketa eskasa zuritzeko, akordio oso eskas bat proposatuz.

Zearreta sailburuordearen eta Jaurlaritzaren manipulaziorako joera ez da berria

Hedabide nagusien laguntzaz, gure agintariek herri-langileez eta zerbitzu publikoez errealitatearekin ezer ikusi gutxi duen irudi bat zabaltzen dute sarri-sarri.

Krisialdi honetan mozorro guztiak erantzi, eta lotsagabe aritu dira gezurretan. Hain agerikoa izan da ze, maiatzaren 12an, krisialdi betean, EAEko Administrazio Orokorreko Alorreko Mahaian ordezkaritza daukagun sindikatu guztiok (ELA, LAB, CCOO eta UGT), Zearretari idatzi publikoa helarazi baikenion, gezurrak esateari uzteko exijituz eta negoziatzeko batere borondaterik ez zutela salatuz. 

Urkullu Lehendakariari berari ere, gezurretan ez aritzeko eskatu behar izan genion duela egun batzuk!

Bitxia bada ere, ez batak eta ez besteak ez digute erantzun…

ELAk lanean jarraituko du, denona den Administrazio Publikoa herritar guztien zerbitzura egon dadin beti. Konpromiso bera, eta zintzotasun apur bat, eskatzen diegu Gobernantza Saileko eta oro har Eusko Jaurlaritzako buruei ere.

 

*ELA GIZALAN