argia.eus
INPRIMATU
Eusko Jaurlaritzako postuetan ez dago sexu parekidetasunik
  • Iñigo Urkullu lehendakariaren gobernuko goi-karguetatik, hirutik bi gizonezkoak dira, El Pais-ek bere webgunean astelehenean argitaratu dituen datuen arabera.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko apirilaren 16a
Kontseilarien artean bakarrik dago erabateko berdintasuna (argazkia: deia.com)

2005eko Berdintasunaren Legeak dioenarenez, Eusko Jaurlaritzak ez du parekidetasunaren minimoa lortzen, gutxigatik bada ere. Lege horrek organo erabakitzaileetan sexu bakoitzetik gutxienez %40 egon dadin eskatzen du.

Kontseilariak, kontseilariordeak eta zuzendari nagusiak kontuan hartuta, emakumeak %36,6 bakarrik dira. Emaitza horiekin, gaur egun goi-karguetan dauden bost gizon aldatu beharko lirateke emakumeengatik, parekidetasun minimoa lortzeko.

Kontseilaritzan bakarrik betetzen da erabateko berdintasuna. Lehendakariaren zortzi kontseilarietatik lau emakumezkoak dira. Kontseilariordeen artean, %31 bakarrik dira emakumeak, eta zortzi sailetatik hirutan (Ogasunean, Segurtasunean eta Osasunean) ez dago emakume bakar bat ere.

Sail bakoitzaren egoera ezberdina da, ordea. Ogasunak du emakumeen portzentajerik txikiena, %28,6 bakarrik. Ingurugiro eta Osasun sailetan, aldiz, emakumeak gehiago dira: lehenengoaren kasuan hamar goi-kargutatik sei emakumezkoenak dira, eta bigarrenaren kasuan %55,5 dira emakumeak. Osakidetzan, hala ere, goi-kargu gehienak gizonezkoak dira.

Gobernuko postuetan boterearen eskalak behera egin ahala, emakumeen presentzia handitu egiten da. Merituaren eta ahalmenaren arabera neurtzen den enplegu publikoari begiratuta, adibidez, emakumeek funtzionarioen %58 osatzen dute. Irakaskuntzan zifra hau %70era iristen da; Ertzaintzan, ordea, %10ean gelditzen da.

Berdintasunaren Legeak eskatzen duen %40a gobernu sozialista zegoenean bakarrik lortu zen. Oraingo gobernuko egoera, ordea, aurreko EAJren gobernukoa baino hobea da.