argia.eus
INPRIMATU
Oihalezko maskarak erabiltzea debekatu du Jaurlaritzak Gipuzkoako eta Bizkaiko osasun-zentroetan
  • Horren ordez, instalazioen atarietan maskara kirurgikoak banatzea erabaki du, “zalantzagarritzat” jo baitute ohialezko musukoen eraginkortasuna.

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 30
Oihalezko musukoak debekatzen hasi dira.

Osakidetzak debekatu egin du Gipuzkoako eta Bizkaiko ospitaleetan eta beste osasun-zentro txikiagoetan oihalezko maskarak erabiltzea. Neurria bete dadin, maskara kirurgikoak banatzen hasi da bere zentroen sarreretan.

“Babes-elementu horiek homologatuta daudela edo gomendatutakoa baino denbora gehiago erabiltzen ez direla ziurtatzeko ezintasunak” eragindako erabakia dela aitortu dute. Herrialde Katalanetan, Valentziako Ospitale Orokorrak ere neurri bera hartu du, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko asmoz.

Izan ere, ohartarazi dutenez, maskarak erostean, maiz pisu handiagoa ematen omen zaio itxura estetikoari funtzionaltasunari baino. Valentziako Unibertsitatearen ikerketa batek ondorioztatu duenez, hiru valentziarretik bik "eraginkortasun zalantzagarriko" maskara daramate. 800 pertsonatik gorako lagina ikertu dute, eta %61ek ez zekien zeraman maskarak arau berria errespetatzen zuen ala ez.

Dena den, pandemian zehar maskararen erabilpenaren inguruko irizpide argien faltak edo horien aldakortasunak nahasmena sortu du biztanleriarengan. Hasieran maskaren beharrezkotasuna zalantzan jarri zuen Espainiako Osasun Ministerioak berak; gero, aldiz, derrigorrezko bihurtu dituzte.