Uztailaren 15eko agindua malguagoa da lantokien barruan, eta negozioen esku uzten du “espazio bakoitzean egokiak ikusten diren neurriak” aplikatzea.
Derrigorrezkoa al da maskara lantokian? Erantzuna ez da dirudien bezain sinplea. Hainbat faktoreren araberakoa da, eta halaxe zehazten du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehenean argitaratu zuen gidan. Hilaren 15eko agindu sortak utzi zituen zalantzak argitzeko osatu zuten gida hori, eta bertan zehazten denez, kalean, erabilera publikoko espazio itxietan edo jendeari irekitako guneetan maskara erabiltzea “derrigorrezkoa” da. Hari beretik, lekuen definizioan sartzen dira eta salbuespenak ere zehaztu dituzte, espazio itxien barruan ere desberdintasunak baitaude.
Nekane Murgaren sailak prestatutako dokumentuak berak zehazten duenez, "Jendearentzat irekita ez dauden espazioak, hala nola lantokiak edo antzeko beste edozein eremu, ez daude berariaz jasota joan den astean argitaratutako arauan ". Hala, ez da beharrezkoa lantokian uneoro musukoa eramatea.
Gidak azpimarratu duenez, "espazio bakoitzean egokiak ikusten diren neurriak" aplikatu behar dira, eta horiek oinarrizko bi baldintza bete behar omen dituzte: pilaketak saihestea eta birusaren transmisioa geldiaraztea. Hala, bizitza publiko zibilaren gain askoz zorroztasun eta kontrol gehiago ezarri dute lanpostuetan baino; kalean maskara uneoro jantzi behar baita.