Jaurlaritzak koronabirusaren prebentzio moduan hainbat jarduera etetea erabaki du. Besteak beste ostalaritza, kirol instalazio, elkarte gastronomiko edo elizak.
Martxoaren 14an Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku batzordea bildu da, Urkullu lehendakaria buru dela (hemen irekia atariak emandako informazioa). Bilera horretan Eusko Jaurlaritzak prebentzio neurri hauek hartu ditu:
- Adinekoentzako eguneko zentroak ixtea.
- Adinekoei egoitza zentroetako bisitak murriztea: eguneko egoiliar bakoitzeko pertsona bakar batek egin ahal izango du bisita. Gainera bisitariei zentroaren sarreran tenperatura hartuko zaie eta 37,0ºC-tik gorako bisitariei sarrera mugatuko zaie.
- Jarduera hauek guztiak bertan behera uztea: Museo, Erakusketa-areto, Ostalaritza (etxeko zerbitzua izan ezik), Kirol instalazioak, Joko-lokal, Txoko, Elkarte gastronomiko edo Otoi egiteko zentroetan. Metro eta erdiko gutxieneko segurtasun tartea bermatzen ez duten lokaletan jarduera mugatzea. Metro eta erdiko gutxieneko distantzia hori edozein pertsona konzentrazioari aplikatzea.
Neurri hauek hamabost egunerako izango dira eta luzatzeko aukera aurreikusi dute. Gaur bertan argitaratu dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta legez bihar sartuko badira ere indarrean, Jaurlaritzak gomendatu du gaurtik bertatik aplikatzea.
Batzordean bildu dira Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu eta Jaurlaritzaren bozeramaile Josu Erkoreka, Osasun sailburu Nekane Murga, Segurtasun sailburu Estefanía Beltrán de Heredia, Gobernuaren Ordezkari Denis Itxaso, hiru lurralde historikoetako Ahaldun Nagusiak diren Ramiro González, Unai Rementeria eta Markel Olano, eta Eudeleko Presidente Gorka Urtaran.