argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzak Mozal Legea aplikatu die sei laguni etxegabetze baten aurkako protestan parte hartzeagatik
  • Iazko irailean Anastasia eta bere bi semeak etxegabetu zituen Ertzaintzak, Alokabidek Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoak hala aginduta. Hainbat lagun etxe atarian bildu ziren etxegabetzea eragozteko eta, urtebete ostean, protesta horretan parte hartu zuten Arabako Kaleratzeak Stop taldeko sei kideri 602 euroko isun bana ezarri diete Mozal Legea aplikatuz.

Axier Lopez @axierL 2017ko abuztuaren 25a
Anastasia Gasteizko epaitegien aurrean Arabako Kaleratzeak Stop taldeko hainbat kiderekin.

Gasteizko Zabalgana auzoko etxebizitza batean bizi ziren Anastasia eta bere bi semeak. Alokairua ordaindu ezin izateagatik –familiaren diru sarrerak 800 eurokoak ziren– etxetik joateko agindua eman zuen Alokabidek. Arazo ekonomiko estrukturalak dituzten kolektiboko kideak etxegabetxeari uzteko eskakizuna luzatu zion Arabako Kaleratzeak Stop elkartearen Eusko Jaurlaritzari.

Irailaren 15ean, Anastasiaren atarian ehun lagun inguru elkartu ziren, desobedientzia pasiboa erabiliz etxegabetzea geldiarazteko asmoz.  Halere, Ertzaintzak kolpe eta bultzakada artean agindua bete eta Anastasia eta bi semeak etxetik bota zituen.

Egindako presioari esker, egun berean lortu zen Gasteizko Udalak familiari harrera pisu bat eskaintzea.

Solidarioak zigortuta

Elkartasun ekimenetik 11 hilabete pasa ostean, 602 euroko isun bana heldu zaie han ziren Arabako Kaleratzeak Stop taldeko sei kideri. “Poliziaren lana oztopatzea” zigortzen duen Mozal Legearen artikulua –kritika asko jaso dituena– baliatu du Ertzaintzak horretarako.

Taldeak babesgabetasun juridikoa salatu du, “errudun ote garen epaitegi batek ebatzi beharko luke, baina Mozal Legearen bitartez zigortutakoak gara gure errugabetasuna frogatu behar dugunok”.

Zigorrari aurre egiteko hainbat erabaki hartu dute etxegabetzeen aurkako talde arabarrak: ez dute isuna ordainduko, helegitea aurkeztuko dute eta irailaren bigarren asterako protesta publikoa egingo dute Eusko Jaurlaritzak atzera egin dezan Mozal Legearen aplikazioan.