argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzak milioi erdi euroko diru laguntza emango die maskarak egiten dituzten bi enpresari
  • Eusko Jaurlaritzak diru laguntza zuzenak emango dizkie Nueva Sibol enpresa jabebakarrari eta Oiarso kooperatibari, maskarak egiteko makinariak jartzeko. Guztira 582.876 euro emango dizkie, bi enpresek egingo duten inbertsioaren erdia estaliko duena.

2020ko maiatzaren 20a

Maskaren erabilera herritar denentzako derrigorra egin du Espainiako Gobernuak, bi metroko distantzia bermatu ezin den leku ireki eta itxietan. Horren ondorioz, Euskal Herriko bi enpresak beren negozioa indartzeari ekin diote: Nueva Sibol enpresak produkzio-ahalmena hirukoiztuko du eta Bexen enpresak bikoiztu. Sei hilabeteetan, Sibol 10 milioi maskara ekoiztera pasatuko da eta Oiarsok hilero orain baino 3,3 milioi maskara kirurgiko gehiago ekoiztu ahalko ditu.

Diru laguntza zuzenak Nueva Sibol SLU eta Oarso kooperatibari

Eusko Jaurlaritzak egin du publiko maiatzaren 19an milioi erdi euroko diru laguntza zuzenen berri. Herritarrek oro har erabiltzeko maskara kirurgikoak, eta profesionalek erabiltzeko FFP2 eta FFP3 maskarak egiteko makineria erosteko 582.876,67 euroko dirulaguntza zuzena emango die Jaurlaritzak.

Zati handiena, 394.585 euro, Nueva Sibol enpresa jabebakarrari emango dio, FFP2 eta FFP3 maskara autoiragazleak egiteko. Zamudion dauka egoitza, baina jabea italiarra du: 2019ko ekainean Spasciani Spa etxe italiarrak erosi zion jabetza osoa Delta Plus Group talde frantziarrari (berau 2006tik zen Siboleko nagusi). Sibol enpresa zen, Expansión-ek atera zuen albistearen arabera, filtrodun maskarak egiten zituen enpresa bakarra, orain arte behintzat. Bakarra Euskal Herrian, bakarra Espainiako Estatuan eta bakana Europan. Koronabirusaren krisiaz geroztik, astelehenetik larunbatera 24 orduz lan egiteari ekin dio eta Osakidetzarekin lotu du produkzioaren zati bat.

Oiarso Mondragon Taldeko kooperatiba da eta Jaurlaritzak 188.291,67 euro arteko laguntza eskaini dio 2R maskara kirurgikoak fabrikatzeko. Bexen medical enpresa dago atzean: Hernanin duen enpresak osasun materiala ekoizten du azken 40 urteotan eta martxo erdialdera ekin dio 2R motako maskara kirurgikoak egiteari Mondragon taldeko Assembly enpresarekin elkarlanean. Diru laguntza zuzen horrekin maskara kirurgikoen beste ekoizpen lerro bat irekiko du eta bost lanpostu sortzea aurreikusi du. Urtean 40 milioi maskara gehiago egingo ditu horrela.

Jaurlaritzak honela azaldu du diru-laguntza: "COVID-19a hedatzea prebenitzeko Jaurlaritza hartzen ari den neurrietako bat da. Pandemiaren egungo testuinguruak zaildu egiten du material sanitarioa kopuru handitan eta epean behar beste hornitu eta eskuratu ahal izatea. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzak beharrezko ikusten du produktu sanitarioak tokian bertan sortzea, era horretan biztanleriaren babes-beharrizanei erantzun ahal izateko".

Albiste honetan bildua dugu maskarak egiten dituzten Euskal Herriko hainbat enpresaren berri.