argia.eus
INPRIMATU
Eusko Jaurlaritzak laguntza eskatu die udalei ikasturte hasierarako
  • Jaurlaritzak, Eudel bitarteko, idazki bat bidali die EAEko alkateei, haurren eta nerabeen eskolatze presentziala bermatuko duten udal-espazio publikoen inguruan informatzeko. Ikasleak birkokatzekotan horiek baliatzeko asmoa dute.

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 27a

Ikasturtea hasteko hamabi egunen faltan, Eusko Jaurlaritzak laguntza eskatu die EAEko udalei, ikasleak hobeto banatzeko jarraibideak eman ditzaten. Naizek aditzera eman duenez, Gorka Urtaran Eudeleko presidente eta Gasteizko alkateak gutun bat helarazi die alkateei, Lakuako Hezkuntza Sailarekin ikasgeletara itzultzeko ezarritako lankidetzaren baitan bitartekari lanak eginez.

Eskutitzean, Urtaranek alkateei azaldu die Cristina Uriarteren Hezkuntza Sailak laguntza eskatu duela, ikasturtea aurki hasiko dela ikusita, hori "behar bezala garatzeko". Zehazki, “udal-espazio publikoak identifikatzeko lankidetza” da eskatzen dena, "haurren eta nerabeen eskolatze presentziala bermatzeko, ikasleak birkokatu behar diren kasuetan osasun-baldintzak bete daitezen".

Informazio hori lortzeko, Excel fitxa bat luzatu diete udalei, irailaren 4a baino lehen bete dezaten. Fitxan, liburutegiek, ludotekek, kiroldegiek edo kultur etxeek izan ditzaketen guneen zerrenda zehaztu behar da, eta datu guzti horiek Lakuan zentralizatu.