Irailaren 27tik urriaren 27ra arteko epea izango dute eskaria aurkezteko. Aste honetan hasi dira garraio-enpresak zerbitzua berriz ematen, Hezkuntza Sailarekin elkarrizketari ekitea adostu ondoren.
Eusko Jaurlaritzak kilometro bakoitzeko 0,29 euroko dirulaguntza emango die kurtso hasieran eskola-garraio zerbitzurik gabe egon diren familiei. Bizileku bakoitzetik ikastetxera dagoen distantzia hartuko dute kontuan kalkuluak egiteko.
Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuak astearteko gobernu bileran onartu du deialdia; guztira, milioi bat euro bideratuko dituzte horretara. Familiek dokumentu bat bete eta ikastetxeko zuzendaritzan aurkeztu beharko dute laguntza eskatzeko. Sailburuak adierazi du dirua "denbora tarte labur batean" jasoko dutela.
Diru-laguntza eskatu ahal izango dute Haur Hezkuntzako 3., 4., eta 5. mailakoek, Lehen Hezkuntzakoek, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoek eta Oinarrizko Lanbide Heziketakoek.
Astebete baino gehiago zerbitzurik gabe
Kurtso hasieran ez dute eskola-garraio zerbitzurik jaso Araba eta Bizkaiko 7.000 ikasle inguruk. Lizitatu gabe geratu ziren ibilbide gehienak urtearen hasieran. Jaurlaritzak garraio enpresak behartu nahi izan zituen iazko ibilbide berak egitera, baina planto egin zuten. Astelehenean hasi dira berriz zerbitzua eskaintzen, Hezkuntza Sailak eta garraio-enpresek elkarrizketari ateak ireki ostean.