argia.eus
INPRIMATU
Eusko Jaurlaritzak “gogoeta serioa” eskatu dio Espainiako Gobernuari, migrazio olde betean
  • Nerea Melgosa sailburuak esan du "ezinbestekoa" dela Espainiako Gobernuak bere migrazio-politiken berri ematea, autonomia-erkidegoek ez baitute "inongo ezagutzarik".

ARGIA @argia 2024ko irailaren 03a

Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak politika "serioak, kontrastatuak eta argiak" eskatu dizkio Espainiako Gobernuari migrazio politiken alorrean, Radio Vitorian eginiko elkarrizketan. Kanarietan gertatzen ari dena "estrukturala" dela dio Nerea Melgosak, eta ez koiunturala: "Den bezalaxe tratatu behar dugu". Era berean, gogorarazi du 2018ko udan egoera bertsua bizi izan zela Andaluzian eta Levanten. Ez dela "berria", alegia.

Espainiako Gobernuari zuzenduta esan du "beharrezkoa" dela "eztabaida serioa" egitea, migrazio-politikei buruz, estatuaren "plan estrategikoa" zein den jakiteko. Baina egungo egoeraren aurrean, Kanaria uharteetan ezagutzen ari diren krisi-humanitarioari "kontingentzia-plana" diseinatzea eskatu du Melgosa sailburuak, "beste krisi humanitario batzuekin egin den bezala". "Hilabeteak daramatzagu pilak jar ditzatela eskatzen", esan du Melgosak.

Horrez gain, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sánchezek egin zuen Afrikako bidaian esandakoari erantzun dio: "migrazio-zirkularraz" hitz egin zuen Sánchezek, hau da, Afrikako haien herrialdetik joan bezala itzultzeaz, eta ez espresuki erabaki propioz, baizik eta sistema eta plan baten arabera; Melgosaren esanetan, Europako Migrazio Itunak pertsonen borondatezko itzulera egiteaz hitz egiten du, eta ez deportazioez. "Deportazio masiboak legez kontrakoak dira", gaineratu du.