argia.eus
INPRIMATU
Eusko Jaurlaritzak gida bat iragarri du genero-ikuspegia memoria historikoaren berreskurapenean txertatzeko
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak eman du gidaren berri. Halaber, emakumeek historian  egindako ekarpenak lehen lerrora ekartzeko "betebeharra" azpimarratu du.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko azaroaren 09a
Emakumeak aberria eginez. Emakume Abertzale Batza 100 urte liburuaren aurkezpena. // Argazkia: Irekia

Emakumeak aberria eginez. Emakume Abertzale Batza 100 urte liburua aukeztu dute Gogora Institutuaren egoitzan, Bilbon. Bertan Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak iragarri du Eusko Jaurlaritza gida bat prestatzen ari dela, genero-ikuspegia txertatzeko memoria historikoaren berreskurapenean.

Melgosak adierazi du “garrantzitsua” dela emakumeek historian izandako papera aitortzea eta baloratzea: “Horrela bakarrik, emakumeek gure historian eta iragan komunean izan duten protagonismoa eta erreferentzialtasuna aldarrikatuz, berdintasunaren araberako etorkizuna sortu ahal izango dugu”.

Bestalde, gaineratu du belaunaldi berriek “emakume erreferenteak” behar dituztela, eta emakumeen ahalduntze-prozesuak, aldi berean, “erreferente historikoak” behar dituela. Halaber, Melgosak azpimarratu du gida indartzera datorrela “orain arte akademiatik, erakundeetatik zein ikerlari desberdinen aldetik egindako bidea”.

Emakumeak aberria eginez. Emakume Abertzale Batza 100 urte

Aurkeztutako liburua Sabino Arana Fundazioak argitaratu du eta EHUko historialari Begoña Bilbao, Gurutze Ezkurdia eta Karmele Perezen ikerlana da. Liburuak 1922tik aurrera emakume abertzaleak batu zituen erakunde politikoaren ibilbidea jasotzen du.

Ekitaldian Eusko Jaurlaritzako hainbat ordezkari izan dira, besteak beste Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendi, Osasun sailburu Gotzone Sagardui eta Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuorde José Antonio Rodríguez Ranz.