argia.eus
INPRIMATU
Murga Osasun sailburua Osakidetzako iruzurraren jakinaren gainean egoteak “ez du garrantzirik” Jaurlaritzarentzat
  • “Testigantza horrek ez du garrantzi penal edo politikorik”, adierazi du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Izaskun Obieta kardiologoaren deklarazioaren harira. Oposizioaren ustetan argi geratu da, berriz ere, Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzak iruzurra argitzeko borondaterik ez dutela.

ARGIA @argia 2019ko ekainaren 12a
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea.

Lan-eskaintza publikoen iruzurren inguruko informazio berria argitaratu du asteartean eldiario.es agerkari digitalak. Osakidetzak abiatutako barne ikerketan Izaskun Obieta kardiologoak egindako deklarazioak argitara atera dira. Azterketen filtrazioak gauza jakina zirela eta Nekane Murga egungo Osasun Sailburuak horren berri bazuela adierazi du Obietak.

Eusko Jaurlaritzak garrantzia kendu dio informazioari, eta Obietaren sinesgarritasuna auzitan jarri du. “Egia balitz ere, ez du ezertarako balio”, adierazi du Josu Erkoreka bozeramaileak Obieta eta Murgaren arteko elkarrizketaren harira. Orain 15 urteko elkarrizketa litzatekela azpimarratu du Erkorekak, eta orduan ez Murgak eta Obietak ez zutela ardura politikorik. Aldi berean, Obietaren aurka egin du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak: “Iruzurra jende guztiak ezagutzen bazuen, Osakidetzan postua duen pertsona batek agian motiboak ditu azaltzeko nola sartu zen bertan. Agian lehen eskuko informazioa dauka”.

Oposizioa, kontu eske

"Murgak sinesgarritasun guztia galdu du eta ezin du Osakidetzako irregulartasunen ikerketa zuzendu", adierazi du EH Bilduko Rebeka Ubera legebiltzarkideak. Haren esanetan, lehendakariak eta Osasun sailburuak ezin dute ez-ikusiarena egin.

Elkarrekin-Podemosetik, Cristina Macazagak “ustelkeria” berriz ere agerian geratu dela adierazi du. Osakidetzaren jarrera ere kritikatu du, fiskaltzari eta Arartekoari “informazio osatu gabea, editatua eta okerra” emateagatik. Ostiralean Gobernuaren kontrol saioa dago Gasteizko Legebiltzarrean, eta bi alderdiek Murga sailburua interpelatzeko asmoa adierazi dute. PPko Laura Garridok esan du Murgak ostiralaren aurretik azalpenak eman behar dituela.

LAB sindikatuaren ustetan ezaguna zena baieztatu da berriz ere: "Osakidetzak ukatu arren, jakina da oposizioetan azterketak aurrez ematen zirela, eta hori Osakidetzako eta Osasun Saileko arduradunek ere bazekiten". Edonola ere, sailburu berriak “sistema ustel” honekin amaitzeko aukera duela nabarmendu du.

Belen Greaves, ikerketa barne mailan ixtearen alde

Eldiario.es agerkari digitalak Osakidetzaren barne ikerketarren audio berriak ere argitaratu ditu asteazkenean. Bertan, besteak beste, ikerketaren buru den Belen Greavesen zenbait adierazpen entzun daitezke.

Greavesek ikerketa barne mailan ixteko desioa azaltzen du audioetako batean. Iruzurraren inguruko berriek Osakidetzaren irudiari egiten dioten kalteez ere kexu da. Greaves Osakidetzako abokatua da egun. Aurretik EAJren Euzkadi Buru Batzarreko idazkaria eta Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza, Kontsumo eta Turismo sailburu izan zen, besteak beste.