Hiru neurri proposatu ditu Eusko Jaurlaritzak garraio publikorako: maskarak derrigor, gel hidroalkoholikoa eta tenperatura hartzea.
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburuak eman du proposamenaren berri. Maiatzaren 11tik aurrera garraio publikoan gero eta jende gehiago ibiliko dela aurreikusten dutenez, bidaiarien osasuna segurtatzeko neurriak zorroztu behar direla adierazi du. Hainbat garraiotan gomendatutako distantzia soziala mantentzerik ez dagoenez, maskara derrigorra izatea proposatu du. Ez du ezer adierazi gaur egun maskarak eskuratzeko dauden zailtasunez.
Bigarren neurria gel hidroalkoholikoa bidaiariei eskura jartzea izango litzateke. Hirugarrenez, autobus eta tren geltoki handienetan bidaiariei tenperatu hartuko zaie. 37 gradutik gora dutenei ez zaie utziko bidaiatzen eta osasun zerbitzuei deituko diete. Tenperatura etxean hartzea gomendatu du Tapiak eta 37 graduak gaindituz gero etxean geratzea. José Luis Ábalos Espainiako Sustapen ministroak autonomia erkidegoei aukeran utzi die garraio publikoan (trena, autobusa edo hegazkina) prebentzio neurriak derrigortzat jotzea ala ez.