argia.eus
INPRIMATU
Eusko Jaurlaritzak ez du Azazetako parke eolikoaren proiektua bertan behera utziko, Aldundiaren txostenak “inpaktu larria” aurreikusi arren
  • Azazetan zentral eolikoa ezartzeak "ondorio negatibo oso kaltegarriak" izango lituzke inguruko biodibertsitatean eta paisaian, Aixeindarrek aurretiaz egindako azterketak jasotzen ez zituenak, Arabako Foru Aldundiko teknikariek egindako txostenaren arabera.

Hala Bedi @halabedi 2021eko urriaren 29a

Arantxa Tapiak zuzentzen duen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko bozeramaileek esan dutenez,  «beste txosten tekniko batzuetan neurri zuzentzaileak jasotzen dira» eta horiei helduko diete, zentral eolikoak inguru naturalean izango duen eragina murrizteko.

Beraz, Eusko Jaurlaritzak ez du Azazetan egin nahi duten zentral eolikoaren proiektua bertan behera utziko, Arabako Foru Aldundiak argitaratutako txostenaren arabera proiektuak ingurumen «inpaktu larria» izango duen arren.

Arabako Mendiak Askek sare sozialetan salatu du «ez dagoela balio duen neurri zuzentzailerik», «mendian zentral eolikoak jartzen badira, horien ekosistema eta idisinkrasia galtzen delako, ezinbestean».

Arkamu eta Iturrieta

Duela hilabete eskas jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak ez zuela baimenik emango Arkamu eta Iturrietako parke eolikoekin aurrera egiteko, ingurumen-baldintzak betetzen ez zituztela eta. Aurreikusitakoen artean handienak ziren bi proiektu horiek. Kasu horretan, Arabako Foru Aldundiak alegazioak aurkeztu zituen bi parkeen kontra, animaliei eta paisaiari eragin ziezaieketen kalteengatik. Foru Aldundiko teknikarien txostenak erabakigarriak izan ziren Eusko Jaurlaritzak atzera egiteko.